Bederatzi hilabete gogor igaro dira, pasa den urtarrilaren 5eko parrandan bi lagunek burua berotu zidatenetik. Ederki asko oroitzen naiz lekuaz, uneaz eta hitz egindakoaz. 270 egun hauetan denetik bizi izan du munduak, baita nik ere.
Zeinen deserosoa den txukundu gabeko bizarrarekin ibiltzea. Deserosoa bezain itsusia. Itsusia bezain zakarra. Baina otordu bat zegoen jokoan, eta horrek asko esan nahi zuen. Baina, horrek soilik ez, nire ohoreak ere bai, noski! Hori garrantzitsuagoa zen.
Ordutik hona ez dut jakin zer den kokotx azpian ilerik ez izatea. Ezin izan dut moztu, eta hori sekulako ahalegina izan da, uneren batean edo bestean mozteko gogoa ia-ia gailendu egin baita, lagunei otordua ordaindu behar izatekotan egon naizelarik.
Zenbat barre, txorakeri, iruzkin eta txiste entzun ditudan azken hilabeteetan, baina merezi izan du. Hala ere, badakit hemendik aurrera horrelakorik ez dudala egingo. «Ez al duzu berorik?» zen behin eta berriz egiten zidaten galdera. Bada, ez! Baina, orain bai. Badakit hotza sentituko dudala. Tira… heldu da urriaren 6a, niretzako behintzat, Bizarra Mozteko Nazioarteko Eguna. Beste batzuentzat, berriz, bosgarren urteurrena. Zorionak!
Islamista baten antza, baina
euskaldun onak bezala
«Ez dakak potro(r)ik!» esan zioten
eta gelditu da hala
haurdunaldien iraupen bera
ez da erronka makala
euskara salbu ikusten denez
bizarra moztu dezala