Elite mailan dabiltzan bost neska gazte, gainera. Eta, uste dut horrek are gehiago motibatu ninduela. Ea ba hemendik aurrera, egunerokoan, orain bezain beste orrialdetan agertzerik duten.
Aurrerantzean, beti gogoratuko ditut haiek kontatutakoak, bai kamera aurrean, baita grabaketatik kanpo ere. Izan ere, nabaritzen zitzaien, bazutela gauzak argi esateko gogoa, jendea (batez ere gizonezkoak) kontzientziatzeko gogoa; azken finean, bizi duten egoera salatzea beharrezkoa dute. Elkarrizketak amaituta, gehiago askatu ziren bostak. Orduan hasi ziren grabatu gabe geratu ziren kontu gehiago esaten, pisu handiagoa askatzen. Pena da horiek ez jaso ahal izatea. Horiek entzunez gero, bati baino gehiagori ikasgai ederra emango liekete. Baina noski, emakumezkoak dira.
Hori izaten da gehien gorrotatzen dudan esaldia. Zenbatetan entzungo genuen hori? Eta zenbatetan ez genion jaramonik egingo esanahiari? Zapalkuntzagatik gutxiago jasotzen dute, gutxiago hitz egiten dute, gutxiago ikusten zaie, baina ez dute gutxiago lan egiten. Entrenamenduetan maila berean sakrifikatzen dira, baina ez dute soldata bera jasotzen. Txapelketak irabazten dituzte, baina zoriondu besterik ez dituzte egiten, etxera bueltan bidali aurretik. Ez da bidezkoa. Noraino heldu nahi dugu? Oraindik ere gizonezkoei proba berean 100 aldiz handiagoa den saria emango diegu?
Hala ere, oraindik zalantza handiak ditut. Ez erreportajearekin noski, baizik eta esaldi nagusiarekin. Ez baitakit natura izan ote den banaketa horren erruduna, edo ingurugiroa, gizartea edo dena delakoa. Baliteke, zenbait eta zenbait buruhauste sortu izana titularra lehen begiradan irakurri ostean, eta kultura, gizartea edota generoa izatea ezberdintasun hori jazotzearen arrazoia. Hobeto esanda, naturak erabakitako zerbaiten aurka egitea, antinaturala da, eta ez da hori esan nahi nuena, eta are gutxiago neska hauek egiten dutena. Honengatik eta gehiagorengatik, beraz, mila esker neskak!
Eta zorte on hemendik aurrera lanean gogor aritzen jarraitu beharreko bide horretan.