Udala eta ez dala; Dianak eta ez dianak

Erabiltzailearen aurpegia Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko martxoaren 20a

Azken hilabeteetan, zenbat aldiz ikusi dugu «Tolosako Udal Musika Banda» izena auzoko festetako karteletan edo hiruhilekoan behin ateratzen duten Tolosako kultur programan? Udal... Zergatik? Oraindik, askok kalean horrela deitzen diote bandari. Bai, garai batean hala zen, duela urte batzuk arte, baina orain ez darama etiketa hori. Beraz, jakin dezazuen: Tolosako Musika Banda, besterik gabe.

Besterik gabe… edo ez. Zeren ia bandako kide kontsidera ditzakegu, Zaldunita egunean, goizeko lehen ordutik aurrera, Dianan Bandaren aurretik joaten diren horiek. Bai, badakit ez dela, justu, azken ilarakoen errua, kantuaren azken zatian atzeraka egiten dutenak, aurreneko ilarakoak direlako. Horregatik, askotan, zuzendaria bera ere, jende-anabasa horretan harrapatuta geratzen da, eta perkusiokoek, tira-biraren bat edo beste izaten dute azken ilarakoekin. Batzuek atzera egiten dute, inertziak eramanda; besteei, berriz, ahalik eta bizkorren bukatzeko gogoak bultzatzen diete aurrera. Hor gertatzen da talka.

Beraz, zer egin horiek ekiditeko? Honatx hiru gomendio txiki: Lehenik eta behin, Dianan saltoka joan nahi baduzu inori molestatu gabe, Musika Bandaren atzean jarri (atzeraka salto egin nahi baduzu, behintzat), aurrean joaten bazara, lehen aipatutako talkak harrapatuko zaituelako. Bestetik, eta aurrean jartzen den horietakoa bazara, joan aurreraka denbora guztian, ez dakizu zenbat eskertuko duten musikariek zure esfortzua.

Azkenik, eta bi motatako herritarrentzat mezua: Lehena, Udalekoentzat. Udaberri dantza taldeak Zaldunita bezperan antolatzen duen Dantzari Txikian, langile bat jartzen duzue aurrean, musikariek nahiz haurrek, euren bidea normaltasunez, inolako enbarazurik gabe egin dezaten. Posible litzateke Dianak irauten dituen bi ordu horietan ere, Bandaren aurrean jarri eta atzeraka joaten diren horiei aurreraka egiteko eskatuz. Besterik ez duzue egin behar, bestela zuzendari gaixoa!

Bigarrena, eta azkena, berriz, balkoian, «jaiki, jaiki, ohe hartatik…» doinua entzun zain geratzen zaretenontzat. Mesedez, gorde konfetiak zezen plazarako. Musikariak eta konfetiak nahikoa etsai badira jada. Gainera, aurten bezala, euria eginez gero, ederra konbinazioa! Beraz, gogoratu zaitezte. Beste hainbeste jende doa aurretik nahiz atzetik, eta beraiei ez zaie axola, izan konfetiak, euria, irina edo bestelako zerbait. Baina Banda igarotzen denean, ez! Ea datorren urteko inauterien balorazioan, karrozetako musika eta txarangen arteko talkaren gaiak adina leku izaten duen aipatu berri dudanak. Eskerrik asko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!