Baina, diruak baino gehiago, niri fakultatean, hizkuntzak ematen zidan beldur gehien, hasieran behintzat, izan idatzizko komunikazioa zein ahozkoa, hiru hizkuntzetan egin behar genituelako. Hala ere, gero ohartu nintzen ikasgelaz kanpoko ahozko erabilerak sekulako sustoak ematen zizkidala. Hiru urte pasatxo igaro dira ordutik, eta gehiago esango dizuet, ia mila egun presentzialetara heldu naizen honetan, emaitza lehen aurkezpenean baino larriagoa da.
Hasera hartan, gipuzkoarrak ginen gehienak. Arabakoak ere asko. Bizkaitarrak bakar batzuk. Baina, baziren bi euskal herritar, bi euskaldun, gazteleraz gutxi zekitenak; batek ezer ez. «Ufa!», pentsatzen dut nik orain, horiek ezagutzeaz harrotzen naizenean. Bestalde, ikasturteak igarotzearen poderioz, gazteagoekin ere elkarbizitzen jakin behar izan dugu. Urtez urte, ordea, fakultateko euskal giroa, geroz eta baxuagoa dela ohartu naiz, eta egun, lehen mailatik laugarren mailaraino, gehienek mihiari cervantinoz eragiten dietela.
Lehen, nire ustez behintzat, euskaldunagoa zen korridoreetako giroa, kafe makinetakoa, jangelakoa… Lehen bi urtetan, azken bietan baino euskaldunagoa sentitu naizela esan dezaket. Agian, oker nabilelakoan zaudete, baina, nola da posible 200 pertsonako fakultate batean, irakasleak barne, euskararen erabilera %27koa izatea? Askok, horiek datu irrealak direla esango duzue, informazio-iturri ez-fidagarrietatik lortu ditudala.
Ba… ez horixe! Zifra hortxe dago, eta bakoitzak interpreta dezala nahi duen bezala. Neuk bakarrik ez dut lortuko hori handitzea. Baina, zailagoa bazait euskaraz dakien ikaskide batekin, gure ama-hizkuntzan aritzea, nola demontre egingo dut nahi dudan hizkuntzan? Berak erdaraz egin nahi badu, bere zirkuluko lagunekin egin dezala. Baina, nirekin euskaraz mesedez, eta ez faborez.
Gaztelerazko hitz solte edota perpausak entzuteaz nazkatu naiz. Laster Gabonetako loteriaren ordez, euskararen loteria egingo dugu HUHEZI-n. Honela abestuko ditugu sari arruntak: «Euskal» etiketa duen goi-karguko politikari baten semeaaaak… Erdaaaaraz! Euskal musikaz pila bat dakiela uste duen gipuzkoarraaaaaak… Erdaaaaaaraz! Eta gero sari potoloa: Kapitaleko armiarma-sare erdaldunetik euskaltegira jauzia eman duen hiriburutarraaaaaaak… Euskaaaaaaaaaaraz!
Oraingoz, niri ez zait loteriarik tokatu, ez dut uste inoiz sari arruntik tokatuko zaidanik, baina argi daukat, euskaldunak erdaldunak baino lehen emango didala bizipozen bat edo beste. Laster, fakultateari agur esateko unea helduko zait (zati handi batean, banuen gogoa e!), eta ondorengo belaunaldiei, lehen aipatutako zifra hori areagotu dezaten eskatu nahiko nieke, euskal loterian, sari potoloaren irabazle gehiago suerta daitezen.