Atsedenik hartu gabe eta beroari aurre eginez. Halaxe aritu dira lau segalariak, Asteasuko Andazarrate auzoko Sarobe baserriko belardian jokatu den Euskal Herriko sega txapelketan. 12:00etan lanean hasi eta, ordubeteko lana zuten aurretik. Ordubetean, ahalik eta kilo gehien moztu behar zituzten segalariek. Eta noski, gero, taldekideek denbora barruan guztia biltzen saiatu behar zuten, pisatu aurretik balekotzat emateko.
Bada, modalitate horretan, Julen Gabirondo urnietarra izan da onena, 60 minutuetan, 3.761 kilo moztuta. Bigarren, Jokin Etxeberria amasarra izan da 3.678,5 kilo lortuta. Hirugarren, berriz, Iban Pardo zestoarra sailkatu da, 3.479,5 kilorekin, eta azkena, gaur, Gipuzkoako txapelketan irabazle izan zen Orendaingo Jesus Mari Goikoetxea Urki izan da 3.360 kilo moztu eta bildu ondoren. Amaierako sailkapenean eraginik izan ez badute ere, tartean bost txartel gorrirekin zigortu dituzte segalariak, epaileek. Gabirondori bat atera diote, Etxeberriari eta Pardori bi eta Urkik ez du bat bera ere ikusi.
2015eko finalean bezala, Gabirondok erritmo bizia jarri du, hasi eta buka. Gainontzeko segalariak ere ez dira atzean geratu eta lan txukuna egin dute. Sailei begiratuz gero, Gipuzkoako txapelketan bezala, sail gutxiago moztu ditu Urkik, baina kasu honetan, gainontzekoekin alderatuta, askoz belar gutxiago moztu du. "Fisikoki, ez nengoen ondo eta ez da nire eguna izan. Gainera, sail oso bat errekuperatzea oso zaila zen", aitortu du amaieran.
Etxeberriaren hitzetan, "goizeko lehen orduetan, belarra hobeto zegoen, mozteko errazago, atzoko euriak utzitako urari esker, baina gero bero sargoriarekin, pixka bat zaildu da lana". Biak ala biak konforme zeuden lortutako emaitzarekin, nahiz eta amasarraren kasuan, iaz ere bigarren egin zuen, eta gaur, arantza hori nahi zuen. Seigarren sailean belarra laburragoa zuen Etxeberriak, eta bere ustez, "bertan egon da aldea".
Segalari berdinak, leku berean, baina bestelako txapelketa batean eta emaitza ezberdinekin. Halaxe laburbildu daiteke gaur goizean Asteasun gertatutakoa. Eta nabarmentzekoak dira Urkik amaieran esandako hitzak: "Oraindik ere hemen jarraitzen dut, saltsan, bakarren batek egon behar duelako. Etxetik ikustea oso erraza izaten baita, eta beste inork egiten ez duen bitartean, hemen jarraituko dut, gustatzen zaidana egiten. Hurrengo urtean ere ondo sentitzen banaiz, txapela lortzekoa ez dakit, baina beti hor (finaletan) egoteko aukera izango dudala uste dut".
Tolosaldeko Atariak egindako inkestaren emaitzak ikusiz gero, esan daiteke, parte hartu dutenak bazekitela gaur zer ikusi ahal izango zen, eta gertatutakoarekin nahiko bateragarriak ziren erantzunak eman zituztela.
SAILKAPENA:
1.- Julen Gabirondo Izeta (Urnieta): 3.761 kilo (txartel gorri bat).
2.- Jokin Etxeberria Peñagarikano (Amasa): 3.678,5 kilo (bi txartel gorri).
3.- Iban Pardo Andres (Zestoa): 3.479,5 kilo (bi txartel gorri).
4.- Jesus Mari Ormaetxea Telletxea “Urki” (Orendain): 3.360 kilo (txartel gorririk ez).