Dastatu dituzte lehen bisiguak

Erabiltzailearen aurpegia Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko eka. 3a, 17:03

Bisigu festaren irekiera ofiziala 12:30ean izan bada ere, ordubete beranduago ireki dituzte ateak, bezeroek bertako mahaiak bete zitzaten; Zendoia eta Uranga parrilleroen lan bikaina nabarmendu dute gehienek.

"Oso ona". Horiexek izan dira lehen bi hitzak, jendeari bisiguari buruz galdetutakoan. Askok gozatu egin dutela aitortu dute eta nabaria zen bai, platerak nahiko hutsak ikusten ziren eta. Guztira, 140 pertsona inguru bildu dira gaurko festan, eta izan dira "azken orduan batu direnak", Txinpartako bazkide baten hitzetan. Gehienak eskualdetik etorri badira ere, baziren, kanpotik bertaratutakoak, tartean, Ibizatik gerturatu direnak.

15:00ak aldera ia gehienek amaituta zuten otordua, gutxi batzuk ariko ziren oraindik bisigua jan eta azkenburukorako lekua egiten. Beste batzuk, berriz, "mahaitik altxatzeko gogo gutxirekin" zeudela aipatu dute, sabela ondo bete ondoren. Hala ere, oraindik ere lanean jarraitzen zutenak, Joxe Migel Zendoia Katxina jatetxeko jabea eta Luis Mari Uranga Xixarioko jatetxeko parrilleroa ziren, Txinparta elkarteko bazkide eta kideen laguntzaz.

Gauean ere izango da tartea bisiguarentzat, eta nahi duenak aukera du 20:30eatik aurrera zerkausira gerturatu eta produktu honetaz gozatzeko. Oraindik 150 pertsonatik gora zerrendatuta badaude ere, gehiago espero dituzte antolatzaileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!