Zeruari begira, Gipuzkoa zeharkatzen

Erabiltzailearen aurpegia Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko eka. 3a, 11:03

Goizeko 9:00etan eman zaio hasiera, IV. Abraham Olano martxa zikloturistari. Aurten, gipuzkoako 11 portu igoko dituzte ehundaka txirrindularik, Migel Indurain, Juanma Garate eta Osa anaiekin batera.

Miguel Induraini omenaldi moduan emandako oparia, zinta mozketa, agurra eta suziria. Ez zen ezer gehiago falta aurtengo 'Abraham Olano - 11 mendate' martxari hasiera emateko. Aurretik 200 kilometro zituzten zain lasterkariek, Gipuzkoako eskualde ezberdinak gurutzatuz egin beharrekoak. Luzea, baina aldi berean, lasai egitekoa. "Gipuzkoan ditugun mendate ezezagunak igotzeko eta paisaiez gozatzeko aukera bikaina", Aitor Ayerza, Oriako Txirrindulari Eskolako Lehendakariaren eta gaurko probako antolatzailearen esanetan.

Arkuaren azpian, lasterkariak zeruari begira zeuden, atertuko ote zuen edo ez jakin nahian. Hasi baino lehen, bizikleta prestatzen azken ukituak ematen aritu direnak ere, aterpe bila ibili dira, euriak ez harrapatzeko. Guztiak, Xabier Usabiagak seinalea noiz emango zuen zain. Ehundaka lasterkari azkenean bertan. "Ez nuke zehatz mehatz esaten jakingo zenbat etorri diren, ez dut zerrenda begiratzeko astirik ere izan", azaldu du Ayerzak, eta gehitu du "Alakanteko mutil batek hoteletik deitu dit goizean, irtengo ziren ala ez jakiteko, eta azkenean etorri da".

Aurtengoa, laugarren edizioa da, eta egun osoan zehar, Usabal Kiroldegia txirrindularitzako zaletuen bilgune izango da. Kiroltasuna nagusi, giro bikaina ez da faltako ibilbide guztian zehar, eta gainera, trafikoan ez du eragin handirik izango. "Autoen norabidea errespetatu beharra daukagu, ez delako lasterketa bat, martxa bat baizik".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!