Okerreko bidetik joan zara!

Hilerokoa. Emakume guztien buruhauste handia. Noiz etorriko zain egoten dira asko. Gehienentzat, ezinegona suposatzen du egoera horrek, eta badira, garaiaren eta gorputzaren egoeraren arabera, mina jasan ezin dutenak ere. Eta gizonezkoek?

Askok ez diote inolako garrantzirik ematen. Ez zaie axola. Ez badute min fisikorik pairatzen, zergatik eman behar? Hori bai akatsa!

Horri aurre eginez, azken urteetan, zenbait iruzkin entzun ahal izan ditugu. Guztien artean, umoretik jotzen dutenak daude, bromen bitartez, sufrimendua handitzen dutenak. Hori ez da dena, zeren eta badira, hanka sartze bat tarteko, okerreko bidetik jo dutenak.

Orain kontatuko dudana, sukaldaritzari buruzko reality batean entzun nuen. Duela egun batzuk izan zen, Espainiako telebista publikoko lehen katean. Bere errezetan kale egin zuen gizonezko partaide batek, horren erakusle izan zen, epaileek botatako feedback-a. Ez zeuden gustura dastatu zutenarekin, eta partaideak zintzoki onartu zuen: «Ez naiz nire garairik onena igarotzen ari».

Baina, hori gutxi ez eta, beste partaideekin duen erlazioa, egindako platerari atxiki nahi izan zionean joan zen okerreko bidetik: «Agian hilerokoarekin nagoelako izango da». Orduan heldu zen gainerakoen erreakzioa: «Iruzkin hori soberan zegoen». Baina, ni neu, emakumezko epailearen hitzekin geratzen naiz: «Hona ez zara umoretsuarena egitera etorri, sukaldean aritzera baizik!». Hori, bere iruzkina lotsagarria izan zela esan ondoren bota zion. Merezita!

Nik ezin dut ezer defendatu hilerokoarekin sufritzeagatik, baina bai hilerokoarekin sufritzen dutenengatik. Etxean, lagun taldean, lanean, ikasgelan... guztietan ditut emakumezkoak nire alboan. Ederki asko dakit zer nolako sufrikarioa den. Beraz, honi buruz zerbait esan aurretik, informatzea derrigorrezkoa da, eta gaurkoan, astekari honetan, horretarako aukera duzue. Baita nik ere!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!