Baina, nik ez zaituztet hori egitera bultzatu nahi, baizik eta moda berri honen inguruan zuen burua kontzientziatzea nahi dut. Zer nolako helburua du? Denbora-pasa ona izan daiteke, eta aitzakia ederra otordu batean mahaiaren inguruan gaudenean (lagunekin, familian, taldekideekin…) mugikorra alde batera uzteko. Hala ere, oraindik ere entretenimendurantz jotzen dugu, eta gure ingurukoek diotenari ez diogu jaramonik egiten; eta hori gutxi ez balitz, enbarazu egiten diogu, botilak mahaia behin eta berriz jotzean ateratzen duen hotsa oso desatsegina baita. Botilarekin jolastu nahi dugu, behingoagatik zutik utzi; ingurukoei sekulako abilezia dugula erakutsi.
Trebetasunak trebetasun eta modak moda, bazkalostean botilak alde batera utzi eta gure ingurukoekin elkar komunikatzeko moduak eta egoerak aurkitu behar ditugu. Polita izan daiteke horrelako jolasetan murgiltzea, baina norberak jakin behar du zein den momentu eta leku egokia horretarako.
Izan ere, izenak berak ere hitz jokorako balio du. Flip-atzen! Txundituta geratzen naiz futbol taldeko umeek, eserlekuan daudenean, partidari eta entrenatzaileari jaramonik egiten ez dietenean, eta urez betetako botilekin jolasean hasten direnean. Txundituta, sare sozialetan jende askok edozein modutara (zortzi botila aldi berean jaurtiz, buruz bera jarriz…) eta edozein lekutan, jolas honen helburua betetzea lortzen dutela ikustean. Txundituta haurrak tabernara plastikozko botila hutsen bila etortzen direnean… Ditxosozko modak!
Beraz, eman diezaiogun buelta egoerari, ez botilari noski. Izan dezagun jarrera on bat gertuko jendearekin gaudenean, komunika gaitezen botilak, telefonoak eta entretenimendurako bestelako materialak alde batera utzita. Jakina da modak etorri eta joan egiten direla. Pokemonak ere azaldu ziren, nahiz eta jada alde egin duten askoren mugikorretatik. Ea posible egiten dugun beste zerbait modan jarri baino lehen guk botilak birziklatzea, eta haurrek (eta hain haurrak ez direnek ere) beren buruhausteak ez izatea. Bestela, botilek egiten duten moduan, flip-atzen jarraituko dugu.