Agur eta milesker

Erabiltzailearen aurpegia Ion Mintegiaga 2024ko api. 19a, 07:58

Udaberria loratzen ari da gurean. ATARIA

Eskertzekoa da Ataria-k herritar arruntoi ateak irekitzeko egiten duen saiakera, kolaboratzaile sare zabala eratu eta askatasun osoz gure ikuskera partekatzeko aukera eskainiz.

Tokian tokiko komunikabide baten bertute handienetakoa justuki, tokikoa, bertakoa izatea da, eta irakurleak hau gertu sentitzea. Ataria-k erronka hori aski gainditua du.

Ondorioz, artikuluak begirada ingurumarian jarrita idazten ahalegindu naiz, maiz karaktereak, ideiak eta hitzak falta izan bazaizkit ere.

Horretarako, Josu Muguruza zenak erabiltzen omen zuen eskemari heldu natzaio, instintuaz hasieran, eta berariaz gero: lehen begirada nazioarteko egoerari; segidan estatukoari; eta azkena Euskal Herrikoari. Baina laugarren puntu bat gehituz, Tolosaldekoa.

Artikulu bakoitzean zeozer esaten saiatu naiz, erpin ezberdinak ukitzen, ikuspuntu kritikoaz normalean, norberaren iritziak osatu eta aberastu asmotan.

Asko eta askotarikoak, ustekabekoak mordoxka, izan dira artikuluen aitzakian hurbildu zaizkidan irakurleak. Poz eta indar handia eman didate tarte honetan guztian.

Baina bazen denbora bat pisua, nagia, herdoila sentitzen hasia nintzela. Ideiak eta kezkak buruan izanagatik erantzun egokirik topatu ezinik nenbilela. Agian zahartutako eskema baten barruan galdera okerrak planteatzen aritu naizelako.

Eten bat hartzeko beharra sentitzen dut, bizitzan orokorrean. Hitz egin baino entzun, idatzi baino irakurri, erakutsi baino ikasi. Behatu, hausnartu, sentitu, enpatia izan, humanizatu. Ipar eskia, paddle surf, snorkel, yoga eta slow mountain. Harremanak, zaintza eta pertsonak.

 

«Aldaketak arrapaladan ematen ari dira gure begi aurrean. Tolosaldean, Euskal Herrian, estatuetan, munduan. Modu egokian kokatu nahiko nuke eratzen ari den jendartean»

 

Aldaketak arrapaladan ematen ari dira gure begi aurrean. Tolosaldean, Euskal Herrian, estatuetan, munduan. Modu egokian kokatu nahiko nuke eratzen ari den jendartean.

Eta ziurgabetasun honen guztiaren aurrean, urte sasoi honetan guk ere oihukatu genuen «germinal» Beotibarren aurreko larunbatean. Konturatzerako xirimiriak mela-mela eginda, udaberria loratzen ari da gurean.

Milesker bihotzez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!