Lehendabiziko asteak begiak telefonoko pantailan iltzatuta igaro nituen, hango edertasun, oparotasun eta zoriontasunak liluratuta; baita popularki postureoa deitzen zaion selfien emanarekin harrituta ere!
Denborarekin konturatu nintzen inor ez dela Instagrameko argazkietan bezain eder eta ponposoa, filtroak filtro.
«Erakusleiho handi bat da plataforma. Bakoitzak nahi duena erakusten du, lagunarte itxian edo irekian, algoritmoen baimenarekin»
Erakusleiho handi bat da plataforma. Bakoitzak nahi duena erakusten du, lagunarte itxian edo irekian, algoritmoen baimenarekin.
Bada dosi txikikoa, aipagarria deritzon hori partekatzen duenik, eta bada, bere bizitza realitya bailitzan, egiten duen oro igotzeko ohitura duenik.
Bueltan feedbacka jasotzen da, like, ikustaldi, iritzi, bihotz, txalo moduan.
Harremantzako gune bat den heinean, harremanak elikatzea eskatzen du. Gutxi-asko, goxatzen denaren arabera jasotzen da bueltan. Gozagarria izan ohi da eskaini denak harrera ona izan duenean.
Denetarako jendea dagoenez, denetik partekatzen da: bizitzaren inguruko hausnarketa asko, lagunekin talde argazkiak, kirol frogak, paisaiak, janariak, selfieak, poztasunak, tristurak (gutxiago), ezkontzak, heriotzak, kultura, politika, produktuak...
Partekatzaileak denbora bat eskaintzen dio materia igotzeko ariketari; eta batzuk, asko. Mimo handiz argazki eta testu egokiak hautatzen demagun, edo sakoneko beldurrei aurre egiten, barrenak mugituta.
Eta hemen dago Instagramen koxka: bakoitzarentzat berak eskaintzen duena oso garrantzitsua dela, baina arrapaladan, bata bestearen atzetik jasotzen dituen besteen istorioak hatza pantailan irristatu eta irristatu pasatzen dituela, salbuespenak salbuespen, bestearen lana behar bezala baloratu gabe, norberarentzat sakona dena bestearentzat efimeroa bihurtzeko arriskuan.
Izan ere, zeini axola zaio orain urtebete, Arnedilloko mendi arreetan, X. mendeko Peñalbako ermita mozarabiarrari, eguzki gorriko egunsenti indartsu batean ateratako argazkiari, zer musika jarriko diodan? Lehen momentutik erabaki nuenean, Manzanares del Realeko zezen plazan grabatutako Il mercenario pelikulako azken dueluko eszena klimaxera eraman zuen Morriconeren L'Arena pieza mitikoa izango zela aproposa, baina trabatua nagoenean storieserako hautatu beharreko 15 segundoetan....
Baietz! Tronpetak sartzen diren unea izango dela badakit, eguzkiaren indarrean azpimarra jartzeko. Baina tronpeten intentsitatean daukat zalantza.
Hausnarrean jarraitzen dudan artean, azaleko gauza batzuk partekatzen joango naiz. Adibidez: Gazako argazkiren bat, euskararen aurkako oldarraldia edo presoen oinazea.