Bon dia

Erabiltzailearen aurpegia Ion Mintegiaga 2023ko ira. 1a, 11:58

Udarako oporretan, behin egun batzuk Pirinioetako parajeetan pasa ondoren, Mediterraneo aldera jotzeko ohitura hartuta gaude umeen bueltan elkartzen garen zenbait familia.

Camping handi eta panpox horietako batean hartzen dugu ostatu, turismo gune ezagunetan, bakoitza bere moduan: autokarabanan, campingean edo bungalowetan. Aukeran garestiak dira, ezin uka. Zalapartatsuak ere izan ohi dira normalean, aktibitate handikoak, izan igerilekuetan, aisialdian edo gaueko ikuskizunetan. Europako atzerritarrei oso bideratuta.

Hizkuntza katalana ia ez da existitzen, ingelesa eta gaztelera dira nagusi.

Eguzkiak belztutako azalengatik ez balitz, larru zuria litzake nagusi. Arraza arabiarrak, Saharaz azpikoak, hegoamerikarrak eta ekialdekoak kontatuak dira, europar nazionalitatekoak izanik ere. Egungo errealitate multikulturalean burbuilak bezalakoak dira.

Begiak tapatu ditzakegu, baina klasismoa ekidin ezina da. Eta gutxi ez balitz, itsasertz horietan tarteka euren herrietatik ihesi atera diren migranteen gorputzak agertzen dira.

Ondo pasatzen dugu, horregatik itzultzen gara urtero, baina neroni behintzat, neure buruarekin borrokan izaten naiz figurante arrotz bat, outsider bat, ez sentitzeko.

Goizean goiz, eguzkia ekialdeko itsas gainetik ateratzerako, kamera pisutsua gainean hartzen dut oskorri perfektuaren bila, ATARIA eta Berriako argazki lehiaketetan itxurazko istantak aurkezteko aitzakiapean. Gurutzatzen naizen paseatzaileekin eta runnerekin diosala egitea salbuespena izan ohi da.

Aurten, bateko eta besteko, Mediterraneoko talde planari uko egin gabe, gune ez hain turistikoko camping xumeago batera jotzeko hautua egin dugu.

Eskaintza bertsua zen: igerilekua, aisia eta gaueko ikuskizunak. Baina langile gehienak euren artean katalanez entzun ditugu. Ikuskizunetan, katalana oinarri, hizkuntz aniztasuna errespetatzen zen, euskarari berari ere keinuak eginez. Tratua eta harremana gertukoagoak egin zaizkigu.

 

«Eta goizetan, eguzkia gorritzen hastearekin batera topatzen ginen paseatzaileen artean, begietara begiratu eta agurtzeko ohiturak bere horretan jarraitzen duela konturatu gara: 'Bon dia'»



Eta goizetan, eguzkia gorritzen hastearekin batera topatzen ginen paseatzaileen artean, begietara begiratu eta agurtzeko ohiturak bere horretan jarraitzen duela konturatu gara: «Bon dia».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!