Bospasei aste jarraian, gertuko mendietan elurra majo pilatuta egon eta gero, ia urtua zela, udaberria jadanik ate joka, herrietaraino jaitsi zen azken elurte fin baten lekuko izan ginen.
Azkarra izan zen, bat-batekoa, iragankorra, efimeroa, udaberriko eta udazkeneko ekinozioak bezala. Elur malutek eta udaberri atariko San Jose loreek bat egin zuten istant batean.
Hausnarketan hasita, lotsatu antzera, isilik eraman izan ditudan gustuko pelikulen zerrendako guilty pleasure horietako bat etorri zitzaidan: Erdi Aroan kokatutako Ladyhawke edo Belatzanderea.
Baina, bere garaian, Koldo Almandoz zinema zuzendariak Maite Artolak gidaturiko Faktoria programan gomendatu baldin bazuen, ez nuke jadanik horretarako erreparorik izan beharko!
Pelikularen pisua edertasun enigmatiko baten jabe diren bi aktore nagusien gainean erortzen da: Michelle Pfeiffer ezaguna, eta Blade Runnereko erreplikante ahaztezina izandako Rutger Hauer.
Biak sorginkeria baten biktima dira. Hauer egunean zehar zalduna da, eta Pfeiffer, bere sorbaldaren gainean doan belatza. Gaua iristean belatza emakume bihurtzen da, eta zalduna berriz, otso.
Pertsona moduan elkar gozatzeko abagunerik ere ez dute, egunsenti eta iluntzeetako aldaketa tarte labur horretako ilusioaz gain.
Eta Ilusiozkoa dirudiena, egia esan, gure bizimodu eredua eusten duten zimenduak dira. Orain lanpostu on bat dut; orain lantegia ixten da. Orain bakean gaude, eta segidan gerran. Konturatzerako pandemiak harrapatzen gaitu. Erretirora iritsi eta pentsioak airean.
«Eta ilusiozkoa dirudiena, egia esan, gure bizimodu eredua eusten duten zimenduak dira. Orain lanpostu on bat dut; orain lantegia ixten da. Orain bakean gaude, eta segidan gerra. Konturatzerako pandemiak harrapatzen gaitu. Erretirora iritsi eta pentsioak airean»
Sentsazioa da daukaguna azkar galtzen dugula eta bueltan berreskuratzen asko kostatzen dela.
Itxura batera nahikoa ezkur badago. Ez dagokien esku parasitoetan behar baino gehiago pilatuta aukeran.
Azken finean, gure iruditegi kolektiboan aski zabaldua dago egun hauetan mendietan entzuten den kukuaren kantua entzuterako poltsikoan dirua prest eramatearen ohitura.
Kukuak baina, bizkarroi hutsa dugu, hegazti txikiagoen habietatik haien arrautzak bota eta bereak jartzen ditu, bere arrautzak beste hegaztiek errun eta kumeak elikatu ditzaten.
Erreferentzia berrituak behar ditugu. Eta elur gehiago, askoz ere elur gehiago.