Kontzientzia lagun indartsua izaten da. Momentu batean, bizitzako une jakin batean, bizirik dagoen kausa batek kitzikatzen gaitu, eta ohartzerako buru-belarri sartuta gaude aldaketak ekarri asmo dituen antolakunderen batean. Eta eginahal horretan ateak eta leihoak ezezik, munduak ere irekitzen dira. Zure ezinegon berarekin izaten dira lagunak aldameneko herrian, eskualdean, herrialdean, Euskal Herrian, nazioartean. Oso egoera ezberdinetan oso izateko era ezberdinak, euskaradunak edo gazteleradunak.
Militantziak errealitatea zehatzago ezagutzea dakar, aldatu nahi den hori aldatzeko zirrikitu guztiak aztertu eta baliatzen direlako.
Militantziak, halaber, pertsonengan sinesmena handitzea dakar, merezi duen jendea egoteak, jendartea aldatzeko konpromisoak merezi duela sinestea.
Militantziak, eraldatzailea bada, zuzena, erradikala, iraultzailea, status quoa mantendu nahi duenaren partetik beligerantzia bat ekarriko du, eta ondoriozko errepresioa. Antolakunde iraultzaileetan sartzen denak, abagunearen arabera ezagutu ditzake polizia jazarpena, tortura, espetxea, ihesa. Lokatza eta odola. Norberarena edo hurkoarena. Kasik nerabe bat zarela etxea utzi eta aitona-amonduta itzultzea. Edo ez itzultzea.
«Militantziak errealitatea zehatzago ezagutzea dakar, aldatu nahi den hori aldatzeko zirrikitu guztiak aztertu eta baliatzen direlako»
Militantziak behinola munduak zabaltzea dakarren bezala, itxikerian murgilduz gero, ekarri dezake luzarora zure pentsamolde berekoekin talde txikian ixtea, errealitatea bere objektibotasunean aztertu beharrean, norberaren subjektibotasunetik begiratzea. Sektarizatzea.
Militantziak ekarri ditzake talkak eta haserreak. Ezberdin pentsatzen dutenekin noski! Eta okerrago dena, atzo arte orpoz orpo aritu zarenarekin, bide-orriaren bide gurutzeren batean alderantzizko norabidea hartzean.
Militantziak, bizitzarekin paraleloan doanez, eskatzen du tarteka geratzea, pausa bat hartzea, atzera begiratu eta hausnartzea, motxila betea edo oraindik tokiarekin duzun egiaztatzea. Zeure buruarekin zintzoa izan, umildu, eta ekarpen positiborik egin ezean, alboratzea edo birkokatzea.
Militantziak finean, eskatzen ditu zaintza eta mimoa, gozotasuna, maitasuna; pauso lasai, seguru eta jarraitua, bizitzaren maratoi honetan militantzian iraun nahi bada behintzat; maiz, nahi baino gehiagotan, zezena atzetik adarka datorrela, esprintean aritzea egokitzen bada ere.