Niri, behinik behin, erakargarriagoa egiten zait bizitzaren argi-ilunei erreparatzea. Negarrari bere balioa ematea.
Umetatik egin izan dut negar sentimenduek eskatu izan didatenean; adibidez, Sandybell ikusten. Edo kotxe batek parean txakur bat harrapatutakoan.
Nerabezaroan sartu hala, atsegin izaten nuen maiteminak jota, abesti melodikoak entzunez malenkoniaren malkoez zipriztintzea.
Batxilerra ikasten ari nintzela, akordatzen naiz, politika tarteko, irakasle batekin hizketaldian, malkotan sentibera, nola adierazi zidan nik gauzak sentitu eta benetan nenbilela, eta espetxean bukatuko banu pena handia hartuko zukeela.
Hain justu, bost urte beranduago espetxeratu ninduten, eta negarra erruz egin nuen, kuartel zuloan, bortxaz ateratako adierazpenei tiraka, nire lagunak torturatu, atxilotu, espetxeratu edo deserriratu arazi zituztenean.
Negar egin izan dut burkideak erori izan direnean, eta baita ETAren zenbait ekintzek astindu izan nautenean, segidan testuinguruan kokatzen saiatu izan banaiz ere.
Negar egin nuen, halaber, 30 urteak beteta, gertuko lagunarteko bazkari batera gonbidatu ez nindutenean.
Negar egin nuen A perfect world ikusten.
Negar egin nuen, 35 urterekin berriro espetxeratu nindutenean; uniformedunen eta togadunen aurrean duin antzera eutsi ondoren, 2 urteko semea, kartzelako korridore luzean, urrunetik nigana zetorrenean.
«Edonola, aldika negar egiteak on egiten dit eta gizatiarrago sentiarazten nau»
Negar egin nuen, sekula ez bezala, bigarren semea kardiopatia larri batekin ospitalean gure begien aurrean itzali zenean. Negar egiten dut gerora beraz akordatzen naizenean, bere oroimenak zoriontasunez betetzen nauen bitartean.
Negar egiten dut lagun-min batek bere buruaz beste egin zuelako; esku artetik eskapo egin zigulako.
Negar egin dut, azken-aurreko aldiz, barrenak nahastuta, ikastola berean ikasi duten herriko gazteak, iraultzaren suak hauspotuta, elkarrekin liskarrean ikusita. Herriko festetan parte hartzeko elkarren aldamenean moldatu ezin garela baieztatzean. Horko molde, modu eta jarrerekin, zeinak akaso nire gaztaroko berberak diren, edo guk orduan sortutakoaren ajeak, edo azken urteetan deseraikitakoenak.
Edonola, aldika negar egiteak on egiten dit eta gizatiarrago sentiarazten nau.