Aprobetxatzea gutxi ez, eta baten batzuok denbora harrapatzen ere saiatu gara argazki kameren bitartez; instante batzuk ebasten sikiera.
Ia mundu osoan fotografía deritzo argiaren bitartez irudi iraunkorrak erdiesteari. Euskarazko argazkia garaiko garbizalekeriari dagokio.
Lehen irudiak kaxa ilun batean zulotxo bat eginda hasi ziren islatzen, baina gainazalean grafiatzea prozesu kimikoen bitartez soilik lortu zuten. Argazki bakoitza nekosoa zen. Argazkilariak makina pisutsua maneiatu behar zuen, eszena aldez aurretik hautatu, eta emaitza ez zen berehala ikusten.
Teknologiak eta aro digitalak sozializazioa eta azkartasuna ekarri ditu. Gaur egun edonork, sakelakoan, kamera bat du noiznahi erabiltzeko.
Arazoa bestelakoa bihurtu da. Gain-ekoizpena. Behatz puntarekin pantailaz pasatzen behar den tartea irauten dute argazki gehienak; asko bidean galtzen dira.
Sare sozialen hedapenarekin irudiak beste dimentsio bat hartu du. Irudiak asko ukitzen dira, iragazkiekin, edizioan, ordenagailuan... maiz errealitatetik eta naturaltasunetik urrunduz. Argazkilaria bera epizentro bihurtzeko joera antzematen da, halako niaren gorazarre bat. Narziso berak urmaela mugikor batengatik gustura aldatuko zukeen selfieak egiteko.
«Tailerrean halako mikroklima bat sortzen da, patxadatsua, barea, gertukoa. Klisk eta klask aritu aurretik behatzera animatzen gaitu, egiten dugun horri zentzu bat ematera»
Bada argazkiak egiteko beste modu bat. Tolosako kultur etxeak eskaintzen dituen argazki ikastaroak aipatu nahi nituzke. Iñigo Royo maisu, argazkigintza, kameraren bisoretik baino, pertsonen begietatik ikustarazten irakasten du, irudia istorio bat kontatzeko modu bezala landuz eta edertasuna toki arruntetan topatuz.
Tailerrean halako mikroklima bat sortzen da, patxadatsua, barea, gertukoa. Klisk eta klask aritu aurretik behatzera animatzen gaitu, egiten dugun horri zentzu bat ematera. Bizimoduari ekiteko modu txarra ere ez zait iruditzen. Norbera bestearen parean azaltzea baino, norberaren ikuskera partikularra besteei eskaintzea.
Udaberria da. Paisaiak ederrak eta ura nonahi daude kamera eskuan zer suma aritzeko.
Tarteka gure islak bilatzeak ere ez du kalterik egiten.