Charlotek ez luke Ertzaintza hau maiteko

Erabiltzailearen aurpegia
'The Kid' pelikulako fotograma.

Leidor zinemak harribitxi bat oparitu digu egun hauetan: Charles Chaplinen The Kid proiektatu dute.

Istorio gordina da izatez, umezurtz bat eta bere besotan hartu duen behartsu baten peripeziak ditu ardatz. Pelikulak islatzen duen sentiberatasunak Chaplinen bizitzan du oinarri. Haurtzaro gogorra izana, heldutan, pelikula grabatu aurretan, ume txiki bat gaixorik hil zitzaion.

Algara erruz egiten den bezalaxe, errenkan negar malkoa aise isurtzen da pasarte gogoangarri askotan. Autoritateekin eta poliziarekin maiz egiten dute tupust.

Gaur egungo neska-mutikoak, izurriaren aitzakian, holaxe ikusten ditut, eskola inguruetan eta gazte eremuetan Ertzaintzaren neurrigabeko esku-hartzeetatik libratzeko peripezietan.

Abiapuntu makurra du, izan ere instituzioak. Konstituzio espainiarretik eratorritako autonomia babesteko legediak bete araztea, aski injustuak horietako hainbat. Eta borondate politikoa gehitu behar; ez txikia.

Pasarte bat etorri zait akordura. 2000. urteko irailaren 15a zen. Ezker Abertzaleak bere antolakunde politikoetako hogei lagunen atxiloketak salatzeko manifestazioa deitu zuen Donostian. Egun horietan ere, ETAk atentatu gogorra burutu zuen Jose Ramon Rekalde sozialista larri zaurituz, eta Basta Ya plataformak kontzentrazioa deitu zuen. Ezker Abertzaleko manifa kalean behera zihoala, plataformako kideak kontzentrazioa utzi eta parean jarri ziren. Ertzaintza tartean. Ezker Abertzaleak baimena zuen, Basta Yak ez. Beraz, Ertzaintza dilema batean aurkitzen zen. Tentsio handiko hiru ordu eta gero, Ertzaintzak legea betetzea erabaki zuen, eta modu epelean plataformako kideak alboratzen hasi zen besotik helduta. Ez zuen lortu noski. Orduan beste formula bat okurritu zitzaien: gaueko hamabiak arte itxaron, Ezker Abertzalearen baimena iraungi eta pilotakadaka manifestazioa sakabanatzea.

Legeak alde izateaz gain, behar dutenean bihurritu ere egiten badituzte, herritarrok babesgabetasunean geratzen gara


Garaiko Balza Barne sailburuak mami politiko sakoneko auzi filosofikoa argudiatu zuen: «Ezker Abertzaleak arrazoi legala zuen, eta Basta Yak arrazoi morala».

Legeak alde izateaz gain, behar dutenean bihurritu ere egiten badituzte, herritarrok babesgabetasunean geratzen gara. Tubacexeko langileek, ikasleek, gaztetxeek, piketeek, feministek, antifaxistek eta hainbat herri eragilek ondo dakite.

Chaplinen Diktadore Handia eta Garai modernoak pelikulak ere egokiak dira testuingurua ulertzeko.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!