Agur eta ohore, 'rudies'!

Erabiltzailearen aurpegia Ion Mintegiaga 2019ko urt. 20a, 08:59

1960ko hamarkadan, britainiar kolonialismotik independentzia lortu berritan, testuinguru gogorra bizi zuen, Jamaikako gazteriak. Lan eskasiak eta desegituraketak bizimodua nola- hala ateratzera kondenatua zuen; beharko gogortu!

Errealitate hura ska musikaren garapenari lotu zitzaion bizkor eta, etorkizun hobe baten bila Britainia Handiko ametsera jauzi egiten zutenak, benetan gogor, rude begitantzen ziren, europar zibilizatuen begietara; baita erakargarriak ere! Beren estilo eta estetika aise zabaldu ziren kontinente zaharrean barrena, aldi berean hainbat azpikulturatan zatituz, garai, toki eta ideologiaren arabera.

Gurean, Kortatu izan zen haize haiek hemengo errealitatera ekarri zituena. Fusioa arrakastatsu suertatu zen, Euskal Rock Erradikalak zipriztindutako 1980ko hamarkada bizian. Kalean ez zen giro eta, ordurako, behar baino gehiago gogortuak zeuden euskal gazteriaren zenbait belaunaldi kontzientziatu: asko pasata eta pasatzeko, aurrerantzean ere. Gogortasunak, baina, oreka mantendu eta iraungo badu, kontrakoa izanagatik berezkoa duen malgutasuna ere aldamenean behar izaten du.

Dialektika. Azala eta mamia. Intxaurraren gogor-biguna edo melokotoiaren bigun-gogorra. Kanpotik edo barrutik gogorrak ote garen, edo bigunak, eta zein proportziotan, zenbat denboran. Horra gakoa.

Erreferentziazko pertsona eta militanteak oreka hori galdu ez dutenak izan direla esango nuke, printzipioetan irmo mantendu, eta eguneroko jardunean, harremanetan, formetan, malguak izatea lortu dutenak.

Haatik, beti aritu izan dira aldamenetik hitz eta pitz, ekintzez baino gehiago hitzez, momentuko ismoren bat dogmatzat hartuta, gogor ustean, marmarrean, azalean geratu direnak, baita konpromiso serioak hartu dituztenekiko ere. Are gehiago, azken urteetan.

Itxura du, irakurketak irakurketa, Andaluzia aldeko ufadak hauspotuta, egun ezagutzen duguna aldatzera doala, okerrera. Eta, asmo onez jendartea eraldatzen gabiltzan kideok, ardura berezia dugula, hainbeste urruntzen gaituzten xextra, taktizismo eta su txikiak alboratuta, oinarrizko gai garrantzitsuen aurrean elkartzeko.

Berriki, Kortaturen dizipulu aurreratu izan den Zartako-K taldeak, azken emanaldia eskaini zuen Hatortxu Rockeko karpan. Sentimendu handiz idatzi bat irakurri zuten eta, errieta eginez bezala, artefaktu bat lehertu zen jendearen belarrietan: «Etsaiak bere betiko armekin jarraituko du. Erabil dezagun gure armarik indartsuena: herriaren batasunaaaa!».

Interpelatuak sentitu ginen. Arerioa ondo identifikatu, eta aldamenekoekin gozoagoak izatera behartuta gaude. Mila esker lezioagatik, Zartako. Zerrenda beltzean ikusiko gara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!