ETAk bukatu du, pelikulek jarraituko dute

Erabiltzailearen aurpegia Ion Mintegiaga 2018ko aza. 13a, 19:23

Bizitza pasarteen gehiketa bat da; aurrekoaren gainean eta arabera eratzen da hurrengoa. Horregatik, marka utzi didaten pelikula askok, happy end borobilez harago, pasarteren bat kontatzen dute, beste bati bidea irekitzearekin batera.

Gehienbat, arreta deitzen didatenak, duintasuna bilatzen duten giza mugimendu kolektiboetan, norbanakoen konpromisoak beren kontraesanean jokatzen duten rolak izaten dira.

Adibidez, Steinbecken nobela ardatz, Jhon Ford gogorraren Amorruaren mahastiak. Filmak 29ko crackaren miseriak eragindako ondorioen gorabeherak islatzen ditu. Geroz, «jende ona» non topatuko esperantza ez dut galdu.

Germinal ere pelikula bilakatutako beste liburu klasiko bat da. Mehatzalde ingurune bat, militante komunista konbentzitu baten etorrera eta greba gordin baten bilakaera. Noizbait eta nonbait loratuko du aurrekoen borroken gainean; ez da istorio honetan izango.

Historiako erresistentzia epikoek maisulanak utzi dituzte: Roselliniren Rome, cittá aperta; Fritz Langen Borreroak ere hiltzen dira, Pontecorvoren Arjelgo bataila… baina spoilerrarena egin gabe zer pentsatu handiena eman didana Andre Wajda poloniarraren Gerrako Trilogiako lehena izan da, Generation. Pelikula bukaerak jota utzi ninduen, eta Stach gaztearen malkoek aldian-aldian ihes egiten didate euskal presoak gogoan.

Jende xehea, militantzia eta erresistentzia; hiruretatik izan du ETAk. Berriki, behin betiko bukatu du. Pasarte bat, edo nahi bada hainbat azpipasartez osatutako ziklo bat, atzean utzi du, eta bere bueltako kolektibitatea osatu duten norbanako eta taldeek, tarte honetan pilatutako motxilatzar eta petateak sorbaldara botata, ezezagunak zaizkien bideak urratzeari ekin diote. Bidegurutzeak nonahi, zalantzak ez gutxi.

Horretan, Tarantinok berreskuratutako Del Burgo zaharraren partetik blockbusterra: «EAEko Status berriaren oinarriak sugea eta aizkoraren birfundazio antzekoa dira», eta, «ia independentzia dakarte berarekin».

Maiz, aurkariek erakusten dute bidea. Zalantzarik gabe, pelikula gehiago etorriko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!