[GUTUNA] Burkide presoak gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Ion Mintegiaga 2017ko mai. 16a, 12:31

Bada denbora bat ezinegonak hartuta naukana, loa bera erabateko lasaitasunez egiten uzten ez didana. Eta presoen egoerak erruaren parte handia dauka horretan.

Behinola, orain 15 urte, beraiek aurkitzen diren bazter horietan atxiki ninduten indarrez. Ez zen goxoa izan (zer esanik ez ingurukoentzat), eta hala ere, bizitza honetako momenturik ederrenetakoak bertan igaro nituenaren sentsazioa daukat bere gogorrean. Espetxeagatik baino gure arteko kidetasunagatik zen noski. Muga-mugan bizi behar horrek, kolektibotasunean baldintza zailetan aritu beharrak eta oinarrizko gauzen faltak pertsona bezala hobetu egin nindutela esango nuke, arduratsuago bihurtu, eskuzabalago eta esker onekoago; ustez.

Libre geratzean, arantza baino iltzea sartuta ibili naiz burkideak gogoan, gehienbat ETAk bere jarduera armatua amaitutzat eman zuenetik. Behin gerra bukatuta, gerrako gerlariak etxera bueltatu behar dute, zentzuz. Rubalcaba maltzurrak lezioa ondo ikasia zuen Irlandako prozesuari erreparatuta: presoak ezin omen ziren hain azkar kaleratu. Ez zen mendeku hutsa, baldarkeria bat gehiago, ondo findutako ideia baizik: gerraren bitartez lortu ez dutena ez bezate bakearen bitartez irabazi irrist egin zuen behin. Hobe Sri Lankako Tigre Tamilak bezala zapalduta, eta ez Irlandako errepublikar preso ohiak bezala gobernu arduretan askapen prozesuan sakonduz.

Garbi zegoen, ez ziguten erreza jarriko. Berriro, herriaren indarra erabakigarria izango zen, eta herria, gure zilborraz haragoko herria, benetakoa, aktibatuko bagenu, erreminta aproposa sortzea gakoa zen; Sektore zabalekin elkarlanean Herrira gorpuztu genuen. Urte eta erdiko ibilbidean lana erruz egin zen, eta fruituak ikusten hasi ginenean, Josu Uribetxeberriaren askatasuna edo Parot Doktrinaren baliogabetzearekin (60 preso kalera!!), armak eskutan hankak geratu zizkiguten. Gero kolektiboaren bitartekariak eta presoen ildo politikoa etorri ziren, senideak, medikuak, abokatuak….eta hutsunea, blokeoa, noraeza, ezintasuna, kalapita gailendu ziren. Desertua.

Bolada horretan espetxealdi laburra egokitu zitzaidan, hain justu espetxean daudenei laguntzeagatik. Beste urtebetetxo bat. Ni bai zortekoa haien ondoan!! “Espetxe Fronte” ponpoxoa osatzea egozten diguten 60ren bat lagunok epaiketaren zain aurkitzen gara familia eta lagunez gozatzen jarraitzen dugun bitartean. Barruan utzi ditudan kideek ez dute halako pausarik inondik.

Iazko urte hasieran libre geratu nintzenean Ezker Abertzalea egoera irauliko zuen barne eztabaida sakonean murgilduta topatu nuen, berriro ere ABIAN alegia. Nire ustez, afera honetan garrantzitsuena Ezker Abertzalea erne aritu izana da, eta behin tranpa igarrita, etxeko lanak egiteari zintzo eta garbi ekin izana, presoak ekartzeko modurik onena prozesu independentistan sakontzea zela iritzita, gatazkaren ondorio hutsetan katramilatu gabe. Paraleloki, ia 2000 preso ohiek kalera kalera dinamikari itxura eman genion, eta denboran, KALERA Ezker Abertzale osoaren ikur bihurtu dugu, presoen alde lan egin nahi duen herritar guztiena. Gernikako errautsetatik esperantzaz iraun zuen lorea udaberri bilakatuko dugulakoan kartzela politika pitzatzeari ekin diogu, politikoki presoak konplexurik gabe babestuz eta eguneroko jardunean batez ere ekimen zabal eta herritarrak sustatuz. Guk egiten ez badugu nork egingo du ba, senitartekoen istripuez zakar poltsa batzuez baino gutxiago arduratzen denak? Ez! Horiek, kupoaren zenbaki artean euskal borrokalariak zelofana bezala erabili nahi izan dituzten horiek, herriaren bultzadaz mugituko dira mugituko diren guztia. Bihotza, lana eta grina guk jarri beharko ditugu.

Euskal Udaberria deitu diogu uda bitarteko dinamika oparoari, eta egun hauetan orain 40 urtetik hona Amnistiaren aldeko borrokan eroritakoak gogoratzen ari gara, Amnistia oraina ere badelako. Ez trantsizio garaian Amnistiaren Legearen izenburupean frankismoko torturatzaileak garbitu zituen iruzur hura inondik; gatazka politikoaren muina konponduko duena baizik: autodeterminazio eskubidea alegia. Euskal Herria deritzogun nazio honek, bertako herritarrok, esku hartzerik gabe, gure herria gobernatzeko modua libreki erabakitzeko dugun eskubidea, independentzia eta sozialismoaren aukera barne. Baina presoak, gure kideak, egun hori baino lehenago behar ditugu etxekoen ondoan eta gurekin orpoz-orpo kalean borrokan. Horretarako baldintzak sortu behar ditugu.

Sarrionandiak idatzi zuenez preso egon denaren gogoa espetxera itzultzea da. Ni behintzat maiz bueltatzen naiz bertara, beraiengana, zuengana kideok. Zenbaitetan patioan kirola egiten izaten naiz, ekonomatoko ilara luzean tabako ke artean, erantzun onik espero ez duten eskaera instantziak idazten, vis a vis urrien aurrean urduri, isolamenduetako itxituretan, leihotik leihora ilargipean hizketan…Zuek ere, Ezker Abertzaleko gainontzeko antolakundeak bezala, zuen eztabaida propioa burutzen ari omen zarete hilabete hauetan. Ez da erronka makala gero, sakabanatuta zaudeten bezala, Kolektiboa osatzen duten sentsibilitate ugariak eta egoera ezberdinak barne bilduko dituen ildoa finkatzea. Batasuna, irmotasuna, malgutasuna, gerri politikoa izaten ohituak zaudete lehenagotik, eta seguru oraingoan ere printzipio horien gainean eraikiko duzuela bide-orri aproposena; zuena. Gure partetik, Ezker Abertzaletik, zuen erabakiak errespetatu eta bultzatuko ditugu zinez. Hala, dispertsio politikaren 30. urteurrena salatuz eta zuek babestu asmoz, maiatzaren 20an, autobusera igo eta espetxeetako murruen bestaldean gure elkartasuna adierazteko asmoa dugu milaka lagunek, Tolosaldekoak Curtisen eta Puerton. Udaberria osatzeko 350 lore falta zaizkigu gutxienez. Maite zaituztegulako, aldamenean izango gaituzue bide malkartsu honetan.

Jon Mintegiaga Oiarbide, Minde. Euskal Preso Politiko ohia eta Sortuko kidea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!