Bozgorailutik nire bi abizenak deituta leihatilara hurbildu naiz, gutunen bat, egunkariren bat, instantziaren baten erantzuna izango delakoan. Ez da halakorik: “Recoja las cosas que se va de conducción”. Bihotzean zartakoa nabaritu dut (ibilera hauetako enegarrena), odol emari jarraian bat bateko borborra, itsasertze barean emeki hurbiltzen diren uhinen ondotik Belharra olatua altxa balitza bezala. “De acuerdo”, erantzun dut instintiboki.
Ez nuen espero. Aukera beti hor dagoela badakigu, lehenago ere espetxez aldatu izan naute, baina sustrai txikiak botata nituen honetan, espetxeari tamaina hartuta eta kideekin bereziki gustura nengoelarik, ezustean harrapatu nau, defentsak jaitsita.
Ordenagailuan zenbaki aldaketa bat izango da, artzainez aldatuko duen ardia (beltza). Guretzat bizimodu zahar-berri baten hasiera da, azkeneko aterpetxea eta behin-behineko famili-lagunak atzean utzita, azkenaurreko geltoki ezezagunerako zehar-aldia, beste behin, txingurri lanean nolabaiteko bizilege bat eraikitzeko.
Patioan dauden kideak segituan igarri dute ezohikoren bat badela. Ustekabeak eragindako lurrikara txikiari buelta emanda, martxan jarri gara. Denen artean txaboloa hustu eta fardela prestatzen lagundu didate. “Olentzero dirudik”, aldamenetik. Faltan botako ditut kabroi maitagarri hauek.
Oinarrizkoa hartuko dut; hala ere, gehiegi. Pilatzen joan zaizkidan elikagai, xaboi eta paperak moduluan banatzeko utziko ditut; baliozko gauzak kideen aterako dituzte kanpoan beren paketeetan, senideen bitartez nire (berezko) etxera helarazteko. Elkartasun sarea. Beste hainbeste abisurekin, dagoeneko telefonoa moztua daukat eta.
Ordubeterako prest gaude. Kideei besarkada bero bana emanez agurtu naiz. Ezpainak dardarizoz estutu eta behetiko gorako begirada eskaini diet jarraian, denbora luzez, akaso sekula, ikusiko ez garela jakitun.
Gaua sarrerako moduluan igaroko dut beste dozenaren bat presorekin batera, handik, biharamunean, norabait (nora?) abiatzeko. Zenbait egunez ez da nire berririk izango lurrazalean. Esperoa tristea egiten da pasadizoko txabolo biluzi hauetan; fardelak beheran, biltegian gordeta geratzen dira. Egiatan, pentsamendua iluntzen da, aldapa gora malkartsuagoa bihurtzen da, eta behinola nerabe ameslari xalo hartatik honaino ekarri nauten ibilbideko bidegurutzeei errepasoa egingo diet. Jardun eta erabaki batzuk amorrazioa eragingo didate, besteek auzo lotsa; gutxi batzuk harrotuko naute. Guztiek bularraldea estutu eta apetitu gabe utziko naute. Dabilenari gertatzen zaizkiola arrazoituz lasaituko naiz; baten batek egin behar zuela gehituko dut. Une hauetan, momentuko taktika eta estrategiek ez dute lekurik. Sustraietara, existentziara joko dut bake eta indar bila: gure herriko mendi eta uretara, lanbroak ezkutatutako bazterretara edo Orioko balera (Cromlechera?). Erdizka gogoratzen ditudan bertso, abesti eta doinuek lauzpabost urratsetako atzera-aurreretan lagunduko naute.
Etxekoen ezinegonaren arantza sartuta, ahopeka, Kaxiano zeharra birmoldatuko dut; “Ez egin negar, agertuko naiz, egunen baten (patioren baten) pozez kantari”.