58 lagunentzako ezkutuko eraikina desertuaren erdian, Tazmamorten altxa zuten. Inork ez zuen haien berririk; senideek ez zekiten bizirik ala hilik zeuden.
Hilkutxa bakoitzak 3 metro luze zituen, metro t´erdi zabalean eta 1.50-1.60 zentimetro garaieran; sabaia jo gabe zutitzea ezinezkoa zitzaien. Leihorik, oherik, mahairik, aulkirik ez zuten; 10 zentimetro diametroko zulo bat beharretarako. Preso bakoitzak bi manta zituen nahieran moldatzeko; arroparik ez zuten sekula aldatu. Egunero-egunero jateko fekulak eta ogi gogorra ematen zieten; 5 litro ur behar guztietarako.
Gutxi ez eta iluntasun erabatekora kondenatu zituzten. Patio eskubiderik gabe, argi izpirik ez zuten ikusten salbuespen bakan batzuetan ezik; zaindarien linternaren argi artifiziala janaria ekartzean; eta, argi naturala urtean behin edo bitan, indarrak ahitutako kideren bat, isil-isilik ilunpetan itzaltzen zenean. Orduan, zaindariz inguratuta, gorpua patioan lurperatzen zuten errezoen artean, atsekabetik eratorritako ordubete eskas hura gozamen bihurtuz. Begiak erdi-itxita, ahoa zabalik, puska batean iraungo zien argitasuna dastatzen zuten.
Pentsa litekeenez, zaindariek beren partea jartzen zuten. Tamaina hartzeko, aldika, hilkutxetara eskorpioiak sartzen zizkieten, bukaerarik ez zuen gau hartan haien presentzia igarri eta ekiditera behartuz, kokoriko lo egiteraino.
Garai bateko oroitzapen zoriontsuei atxiki zirenak erortzen –eta erortzen – joan ziren. Esperantzari eusten ziotenek berehala galtzen zuten. Amorrua eta gorrotoa barruraino sartuta zutenak inor baino lehenago hiltzen ziren barrenak erreta.