Etxeko argazkiak edo aldizkarietako ebakinak ipintzeko kortxozko taula ederra dugu pareta zuriaren erdian; txintxetak falta! Nire aurretik pasatakoek hortzetako pasta kola bezala erabiliz itsatsi zituzten beren ametsak. Dotoreago, txukunago izan nahian, nireak grapekin jarrita dauzkat. Grapak ikuztegitik bueltan kolorge eta txikiago jasotako erropetatik lortzen ditut, jantzi bakoitzari, identifikatua izan dadin, kartulina gainean idatzitako zenbaki bat grapatzen zaio eta.
Barrote ugaritako leiho handietan gortinak jartzeko eskubidea duzu, zure bihurtu duzun Txabolo arrotza zelatatzen zaituzten kameren begiradapetik ezkutatu, eta, lotarako, farolen argietatik babestuz. Oihal gehienak lisoak dira; mezua dutenak politikoki homologatuak behar dute: espainiar bandera gorri-horia, Bob Marleyren irudia, “Che” Guevararen baten bat… Gortina, leiho gainean, bi iskinetan egindako zulotxo hutsak baliatuz ipini beharra egokitu zitzaidan; garai bateko torlojuak beste txaboloren batean izango dira. Kartapaziotik ustez gutxien erabiliko nuen egurrezko margola hautatu nuen, marroi ilun kolorekoa, eta bi zati motzetan puskatu. Puntak zorroztuta ere zulotxoetan kabitzen ez zirenez, bizar-xafla solteekin bolumen egokira arte gastatzen aritu nintzen. Coca cola lataz pam-pam-pam kolpeka, margoak irmo ahokatuta geratu ziren. Batetik bestera zapatila zahar baten lokarria ondo tenkatu eta gortina irrist egiten zuela utzi nuen.
Espetxeratu orduko 16 hazbete edo pulgadako plasma telebista modernoa erosi nuen 183 eurotan. Segurtasuna aitzakia, teletextoa blokeatuta eta USB sarrerak tapatuta ekartzen dituzte. Antena kablea aparte erosi behar izaten da; eta norberak muntatu gainera. Izan ere, fabrikatik datozen ar-eme arruntek ez dute gure txaboloetan balio. Beste behin bizar-xaflak erabiliz kablea zuritu eta ar-ar gailuak akoplatzen zaizkio.