Autobuseko txangoa

Erabiltzailearen aurpegia Ion Mintegiaga 2015ko urr. 5a, 09:57

Espetxetik espetxerako lekualdaketa Guardia Zibilak burutzen du, pertsonak baino, abereak garraiatzeko aproposagoa den autobus tankerako ibilgailu batean. Miaketa arin baten ondoren, norberaren zakutoak maletegian utzi, eta txandaka, preso bakoitzak egokitutako zenbakian toki hartzen du, auzitegietako joan-etorrietan ez bezala, eskuburdinik gabe. Gaitzerdi.

Autobus arrunten antzera, korridore batek, eserlekuak bi errenkadatan banatzen ditu ezker-eskuin. Ilarak baina, txapazko itxiturak dira, dozenaren bat gelatxoz osatuak. Gelatxoak, era berean, bi lagunentzako pentsatuta daude, tamainari erreparatuta kontrakoa iruditu litekeen arren: luzera eta zabalerak metro batera ez dira iristen; sofari ez jotzeko makurtu egin behar izaten da. Barruan, egituraren parte den txapazko eserlekua, 20 x 10 zentimetrotako leihatila eta larrialdietarako txirrina. Atea, kanpotik automatikoki irekitzen da zaindarien nahiaren arabera. Gerrikorik ez.

Bidaia zalapartarekin hastea ohikoa izaten da. Zaindarien eta beren emazteen aurkako biraoak, kontuak, txaloak, presoen arteko elkarrizketan buila batean. Ia denek elkar ezagutzen dute; zuzenean ez bada, zeharka! “ – Hi Manoloren lehengusua haiz, ezta? Hirekin Navalcarneroko 5ean egon nitxoan 99an. Atera zuala entzun nian. – Bai, baina berriro lekutu ziaten eta orain Mecon zegok”.

Denbora batera, elkarrizketek ezinegonari tokia egiten diote, bidaiako helburu bakarra zigarro bat erretzea bihurtuz. Beti izaten da txiskeroa barrabiletan gordeta igotzea lortzen duen baten bat; gainontzekoek, tabako apurrak galtzetan prest izaten dituzte badaezpada.

Kundatu ninduten lehen aldian, aferari trazurik ere ez niola hartu onartu behar dut; denbora pasetan ezinezko egiten diren buruhauste horietako bat zirudien: astazakil hauek ez al dira jabetzen, erremediorik gabe, bikoteka, kutxatxo hauetan harrapatuta gaudela edo? Oker nenbilen. Txiskero operazioa martxan zegoen konturatzerako.

Ilara batekoa uste baino errazagoa izan zen egiatan, gelatxo bakoitzak, aurrean eta atzean, zorutik gora irekiera txiki batzuk ditu eta, arnasbide moduan. Lurretik barrena, irristan, errenkada osoa asetzea lortu zuten. Beste aldekoak, plan sofistikatuagoa eskatzen zuen.

Txiskerodunak komunera joateko txirrina jo eta bertan utzi zuen gailua. Jarraian, gure errenkadako ordezkariak eskatu zuen txanda, paketea berreskuratu eta bueltakoan ilara hornituz. Sinplea bezain eraginkorra, ondorioak pairatzea baino ez zitzaidan geratzen.

Amaitu irakurtzen Argia.eus-en

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!