7 urteko parentesia izan diat aurreko espetxealdia bukatu eta berri honen artean. Badek zeozer. Akordatzen bahaiz, Loiolako prozesua behin puskatuta atera nitxoan, eta orduko enbatari nola hala eutsi ondoren, ekaitzaren osteko barealdian harrapatu naitek sare pelagikoa botata, arraina izugarria ez izanagatik.
Tartean, jakingo dekenez, familia ere osatu diat. Mutil kozkorrarekin onenean gintuanean etorri duk belarrondoa. Baina ez dian zuen aurrean kexatzeko eskubiderik, zuotako askok, prozesu bera, arnasa hartzeko betarik gabe bizi izan duzuenean.
Kasik, barkamenak eskatzea ere tokatzen zaidak, kalea deritzogun mundu horretatik, bizi seinale handirik eman ez diatelako. Ez hintuztedan ahaztuak haatik; barren-barrenean eraman zaituztet, eta, zuen alde, eragiteko bolondresak behar hituala jakin nianean, bi aldiz pentsatu gabe igo ninduan gurdira, behar zuanean itzain, idi edo akuilu aritzeko; gurdia ez huanean.
Are, gure lanak zuen askatasuna azkartzeko balio badik, atseginez eutsiko zioat oraingo kanpainari. Guztiarekin, zorraren erdiak behintzat, kitatuta izango dizkiatela espero diat, ezta?
Ikusten dek. Animoak etzaizkidak falta, konfidantza bere horretan mantentzen diat, morala altu. Ereindako haziaren fruituak, biharko egunean jasoko dizkiagunaren ziurtasunez. Bitartean, patxadaz eustea zegokiguk.
Jarraitu irakurtzen argia.eus-en