Burbuila bat (eta zu barruan) bezala irudika daiteke: zure muga bat adierazten du, barruan zaudenean isolamendu moduko bat sentitzen duzu (kontzienteki bilatua, kasu honetan), bertan puzker bat (pentsamendu zirikatzaile bat) botaz gero, zuk bakarrik jango duzu... Intimitatea burbuila bat balitz, barruko bolumena handitu eta norbait barruan sartzeko gaitasuna izango genuke (bere burbuilarekin bat eginaz) eta bere burbuilan etxean sentitzen ez denak postura aldatu dezake (profesionalen laguntzaz batzuetan) eta erosoago sentitzea bilatu. Intimitateak txikitako jolasetako Etxe! hori izan behar du, norberak aurki dezakeen lekurik seguru eta goxoenetako bat da.
Bada, Z jenerazioak (1996 ondoren jaioak, gaur egun 23-24 urte dituztenetatik behera) ez du inolaz halako atxikimendurik bere intimitatearekiko. Komunikazio kodeak, Etxe!-aren kokapena, erosotasun beharrak… guztiz aldatu dira, eta duela urte batzuetatik hona sare sozialetan Extimitatearen fenomenoa ikusi dezakegu: intimitateari zegokiona publiko egitea. Munduari nortzuk eta nolakoak diren adierazteko beharrari erantzuna emanez sortu da fenomeno hau eta etengabe ikusi dezakegu sare sozialetan: Instagram story-ak erosketak egitera doazelarik, selfie bat dutxatik irten bezain laster, zuzeneko bat bazkaltzen duten bitartean jendearen galderak erantzuteko… Hau guztia helduenentzat astakeria bat da, eta sareari dioten ezezaguntasunean oinarritutako beldurrarekin batera ulergaitza da beraientzat bizitza-argitalpen askatasun hori, intimitatea hain estimu txikian izatea. Egia da batzuetan gazte horiek ez dituztela oso garbi Interneten arriskuak (identitate lapurreta, estortsioa…) eta horregatik sexologia saioetan sare sozialei eta aztarna digitalari ere eskaintzen diogu denbora, burbuila lehertu aurretiko gehienezko zabaltzea topatuz.
Intimitatearen bi aldaera horiek ulertzea ez zaigu zailegia egiten, baina itxitura egoera honetan fenomeno berri batekin topatu naiz, eta oraingo ereduan ahokatu ezin dudanez, gure gremioko oso kontu ohiko bat egin dut: hitz berri bat asmatzea. Beraz, jaun-andreak, haur eta gazteak, Kotimitatea aurkezten dizuet: espazio mugatu batean intimitate ezberdinen arteko fusionatu gabeko elkarbizitza. Etxe berean hiru, lau, bost, sei… pertsona elkarrekin, 24 orduz bizitzeak asko zailtzen du intimitate uneen topaketa. Bi pertsona badira, bikotea edota lagun-mina izateko aukera dago (intimitate fusionagarriak, intimitate horien elkarbizitza eramangarria da), edota gutxienez etxearen bi muturretan jarrita pairatu ditzakete zailtasun horiek. Jende gehiago denean eta intimitate hori ezin denean topatu ezinegon asko sortu daitezke: herstura, itolarri sentsazioa, isolatzeko beharra… Beraz, kotimitatea bilatzean dago gakoa, norberak bere intimitate burbuila hori izan dezan eta, horretarako, komunikazioa da giltza. Guztiok dugu intimitate beharra, erotikatik harago: lasai egoteko, norberak bere buruarekin hitz egiteko, gustuko duen zerbaitekin gozatzeko… eta guztiok dugu intimitate horretarako eskubidea. Zure etxean zure intimitate beharrak zapalduak izaten ari badira, aldarrika itzazu adierazpen-solasaldi (asertibo) batean, eta harrituko zaitu bakarra ez zarela ikusteak.