Emakumeen autoesplorazioaz

Erabiltzailearen aurpegia Jon Imanol Etxabe 2019ko mar. 10a, 19:59

Zabalduta dagoen mito bat baino ez da emakumeei ez zaiela sexua gizonei bezainbeste gustatzen. Jon Imanol Etxabe sexologoak dioen bezala, erotikak eta desirak toki bera dute gizonengan zein emakumeengan eta azken hauek ez daukate, izatez, plazererako gaitasun handiagorik.

Emakumeak bere sexualitatearekin erlazio zaila izan du, ordea, historian zehar. Ezjakintasun handia dago eta gaizki ikusia izan da. Emakumeek zailtasunak izan dituzte plazer eta desira lotsarik gabe bizitzeko, baita plazeraren bila joateko eta desira libreki adierazteko ere. Gizartea, emakumeak erreprodukziorako gaitasun bereziak zituela pentsatzetik, gizonaren sexualitatea gailentzera igaro da. Mutur batetik bestera, hain zuzen ere. «Emakumeei beti irakatsi izan zaie plazera sentitzen zutela gizonezkoarengatik, eta ez beraien kabuz plazera sentitzeko gai zirelako», dio Ibai Luquek. Etxabek azaldu du terapiara joaten zaion jendearen ehuneko handi bat mutilak plazerik ematen ez diolako joaten dela, eta ez beraien kabuz plazera sentitzeko gai ez direlako. Izan ere, garrantzitsua da, lehenengo, bakoitzak bere kabuz plazera edukitzen ikastea, baina ez da irakatsi hori egiten. «Txikitatik ixten zaie, umeei, bakoitzak bere gorputza esploratzeko, ukitzeko eta plazera sentitzeko aukera», dio Luquek.

Orain arte, emakumeei ez zaio galdetu eta ez zaio aukerarik eman bere gorputza ezagutzeko. Etxaberen iritziz, erlijioak zerikusi handia du horretan, erotikarik ez izatea garbitasunarekin lotzen duelako. Ondorengotza ekartzen ez zuen edozein praktika kentzea erabaki zuten: masturbazioa, ipurdi bidezko koitoa, ... Debeku horrek aurrera jarraitu du, baina gizonari baimen sozial batzuk eman zaizkio testosterona edukitzeagatik. Luquek dioenez, gizon sentitzen diren pertsonak beraien zirkuluetan askeago izan dira, betidanik, masturbazioari eta sexuari dagokionez. «Emakumeei esan zaie erotikaren kontua ez doala beraiekin, testosterona falta zaiola», gaineratu du Etxabek.

Emakumeak, erreprimitzeari dagokionean, aipagarria izan zen frankismo garaia. Emakume ona izateko hainbat betebehar zeuden, eta horren ondorioak oraindik bistakoak dira: sumisioa, amatasuna, zaintza, senarra pozik mantendu beharra... «Nik uste dut oraingo gazteek pixka bat kendu dituztela horiek, baina, hala ere, dezente barneratuta daude», dio Luquek. «Gauza asko modu inkontzientean egiten dira. Izan zaitezke oso feminista, eta konturatu gabe horrelako konturen batean erori», gaineratu du Etxabek.

Garai haietan, gainera, emakumeak bideratuta zeuden ikasketak ez egitera. Beraz, bizirauteko senargai bat aurkitu beharra zeukaten. Gizonari dena eman behar zioten eta bere zerbitzura egon behar zuten. Gainera, emakumeek guztia jasan behar zuten eta pasiboak izan behar zuten, zintzoak eta esanekoak. «Nortasun falta edukitzea bezala da. Azkenean, otzantasun horretan beraien identitatea galtzea bezala, zerbait neutralizatua izatea, trabarik egiten ez duena», azaldu du Etxabek. Senarrari sostengua eman behar zioten, eta hortik aurrera ez zeukaten eskubiderik. Emakume horiek ere, ordea, beraien identitatea zeukaten, baina denbora guztian erreprimitu egin behar zuten. «Nonbaitetik atera beharra zeukaten hori», dio Etxabek. Orduan, eskola bat sortu zen, esanez, larrutan ondo egitearekin dena konpondu zitekeela, eta kontsoladorearen figura sortu zen. Sarketa objektu bat zen, emakumea hobeto sentiarazten zuena eta kontsolatzen zuena. Etxabek dioenez, hortik sortu zen emakumeek behar bat zeukatenaren ideia, ez autoesplorazioagatik edo erotika disfrutatzeagatik, baizik eta gaixoak gaizki zeudelako. «Beraien ideia zen, pasatuko zitzaiela txorakeria hori guztia, behin orgasmora iristen zirenean», gaineratu du.

Arazoaren erroa haurtzaroan zegoen, ordea. Izan ere, hezkuntzatik zetorren emakumearen zapalkuntza. «Neska gazte batek purua izan behar zuen, eta purutasun hori galtzeko arriskuez hitz egiten zen baita bekatuez ere». Gorputzari buruz hitz egiterakoan ere arriskuak aipatzen ziren, eta ezjakintasuna zabaltzen zen. «Kristau eskoletan gimnasia klaseak zituztenean, aldageletan erabat saihesten zuten elkar biluzik ikustea eta azpitik galtza motzak jantziarazten zizkieten», azaldu du Etxabek.

Aspaldiko kontuak diruditen arren, atzo goizekoak dira, eta egoera horrek ulertarazten du gerora ere, emakumeek jasan izan duten zapalkuntza. «Zoritxarrez, onartu egin behar izan dute, ez dutelako beste aukerarik izan. Belaunaldi askok ezagutu duen bakarra hori izan da», dio Etxabek.

Gauzak aldatzen ari dira pixkana, eta, gaur egun, badaukate aukera beraien burua hobeto ezagutzeko eta erotika beste modu batera bizitzeko. «Bereziki, datozen belaunaldietan, neskek arazorik gabe esaten dute masturbatzen direla eta maiztasun handiarekin. Zentzu horretan, oso aske datoz». Horrek aurreko belaunaldiekin talka egin dezake kasu batzuetan, ordea. Adibide bidez azaldu du Etxabek: «Imagina dezakegu neska batek neska laguna duela, eta amak bitartekari lana egin dezake. Sostengua emango dio, baina agian eskatuko dio amonari ez kontatzeko. Amonak agian ez du ulertuko bikoteek ez daukatela derrigorrez gizon eta emakumez osatuta egon beharrik, baina gerta daiteke ulertzea ere».

Jende heldua ere ideiak aldatzen ari da. «Hirugarren adin horretan ere bizitza berri bat bizi daiteke: tupper sex batera joan daitezke, antzerki bat ikustera gay baten inguruan...Munduratze prozesu bat da», azaldu du Etxabek. Munduratze prozesu hori jende heldu asko orain ari da bizitzen. Alde batetik, denbora libre asko dute eta ondo daude osasunez. Beste aldetik, Internetek ere laguntzen du: «Eskura dagoen zerbait da eta milioika gauza aurki ditzakegu. Buruak irekitzeko baliagarria da».

Beraz, egoera hobetzen doan arren, beste arazo batzuk gaineratu zaizkie emakumeei. Lehen emakumeei debekuak jartzen zitzaizkien bezala, orain presioa sartzen zaie. «Zeure burua ezagutu gabe mundu erotikora askatzen zaituzte eta, gainera, emakume aske izateko eta erotikaz libre disfrutatzeko presioa dago, orain arte oinarria hartzeko aukerarik egon ez denean», azaldu du Etxabek.

Horri aurre egiteko eta sexualitatea askatasunez bizitzeko hainbat gomendio eman ditu Etxabek. Autoesplorazioaren bizipena oso kontu polita izatera irits daitekeela, norberak bere buruarekin konexio bat ezarri eta aurkikuntza bat egin dezakeelako. «Genitalak beti zikintasunarekin lotu izan dira eta ez gaude oso ohituta gure genitalak ukitzera eta beraien egoera zein den jakitera». Etxabek dioenez, emakumeen gehiengoak txiza egindakoan genitalak garbitzen ditu eta hilerokoa daukatenean tanpoia janzten du, baina besterik ez. Horrela, ahalik eta kontaktu gutxien edukitzen saiatzen dira emakumeak eta, gainera, guztia paperarekin egiten da. Hilerokoan koparen erabilerak lagun dezake, norberak bere genitalekin erlazioa berreskuratzen. Silikonazko kopatxo bat izaten da; hilerokoa edukitzean baginan sartzen da, odola hor geratzen da pilatuta eta gero askatu eta komunetik bota daiteke. «Horrek behartzen zaitu zure baginarekin kontaktuan egotera: behatzak sartu behar dituzu ateratzerakoan, zure hilerokoa ikusi behar duzu...», gaineratu du sexologoak. Hilerokoari buruz gehiago jakitea ere ekartzen du, ikus daitekeelako nolakoa den, koagulatua al dagoen, zein kolore duen... Etxabek azaldu duenez, hori egiteak soilik, nahiz eta jolasean ez ibili, lagundu egiten du. Sexua hilerokoarekin egitea ere ez dela txarra, zikina edo okerragoa azaldu du Luquek: «Erotika bera da, baina beste egoera batean». Etxabek dio, badaudela emakumeak «goseak» hilerokoan zehar ere irauten dienak. «Hilerokoak eman dezakeen arazo bakarra honakoa da: gizon eta emakumeen arteko sarketa batean, hilerokoaren testurak zaildu egin dezakeela kondoiaren erabilera, eta hautsi egin dezakeela. Baina ez dago beste arazorik».

Hilerokoa bezala, fluxua ere interesgarria da, sexologoaren iritziz. Baginako mukosetan aurki daiteke eta informazio asko ematen du emakumearen inguruan: bere maila hormonalari buruz, tenperaturari buruz, flora baginalaren inguruan, ... Fluxua baliagarria da haurdunaldia bilatzerako garaian ere. Kolorea apuntatzen da, kantitatea, likatasuna...Eta, horiek kontuan hartuta, jakin daiteke emakume bat noiz dagoen prestago ume bat edukitzeko. «Egon daiteke jendea fluxua hartuko duena, dastatuko duena, usainduko duena... baina ez da beharrezkoa. Autoesplorazioaren interesgarriena da, norberak erabakitzen duela noraino joan», dio Etxabek. Oso mitikoa izan daitekeen arren, gomendatzen du ispilu bat hartu, ohearen ertzean jarri eta genitalei begiratzea. «Horrek izugarri laguntzen du eta kontzientzia handia ematen dizu. Izan ere, neska batzuek ez daukate garbi non dauden gauzak». Etxabek azaldu duenez, belaunaldi berriek asko egin dute hori, eta ukitzen konturatu dira klitoria interesgarria dela, plazera ematen duela. Aurrera goaz, beraz. Inguruneako eta Natur Zientzietako liburuetan, esaterako, orain arte ez da agertu klitoria. Orain, berriz, esaten ari dira klitoria hor dagoela eta horren inguruan ere informatu behar dela.

«Autoesplorazioak, azken finean, mundu bat irekitzen dizu zeure burua ezagutzeko, eta zeure buruaz gozatzeko, banaka zein partekatuta», baieztatu du Etxabek. Horretarako, ezinbestekoa da norberak bere buruaren ezagutza egoki bat izatea. «Zergatik ez jakin zer dugun hor, nola dagoen eta zer gustatzen zaigun hor egitea. Askotan, nik uste dut hortxe dagoela akatsa», dio Luquek.

Jon Imanol Etxabek gaineratu du, nahiko joera daukagula, daukagunarekin konformatzeko, beraz, ez badugu lor dezakeguna edo gerta daitekeena ezagutzen, konfort eremu horretan geratzea oso erraza dela. Beraz, ikasi, esploratu eta gozatzeko tartea badago oraindik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!