Ugal aparatu femeninoaz

Erabiltzailearen aurpegia Jon Imanol Etxabe 2018ko aza. 16a, 21:03

Aipatu behar den lehendabiziko gauza da sexologian dena ez dela zuria edo beltza, grisak ere badaudela. Pertsona bakoitzak ezaugarri maskulinoagoak edo femeninoagoak izan ditzake, eta ezaugarri horiek ez daukate zertan gizon edo emakume baten gorputz bati lotuta egon behar. Hau da, ezaugarri oso femeninoa izan dezake gizon sentitzen den pertsona batek edo alderantziz. Horregatik hitz egiten dut ugal aparatu femeninoaz, eta emakumeen ugal aparatuaz.

Baina zer datorkigu burura ugal aparatu femeninoa esatean? Ugal aparatuaz hitz egiterakoan, kanpo eta barne ugal aparatuez hitz egin behar dugu. Barne ugal aparatuaz hitz egiterakoan, umetokiarekin hasiko gara. Kopa itxura du eta biologikoki egitura horren ardura da etorkizunean haur bat jaso eta hazteko leku aproposa prestatzea. Betikoa, norberak erabakiko du umetoki horri erabilera hori eman nahi dion ahal ez, baina haurrak izan ala ez, beste funtzio bat ere badu, eta hilekoarekin du zerikusia.

Hilekoa haurdunaldiarekin bat egiten duen prozesua da. Umetokian gora joaten bagara, falopioren tronpen barrena, umetokiaren alde bakoitzean bi obulutegi aurkituko ditugu. Obulutegi horien funtzioa zein da? Obuluak sortzeko zelula batzuk hartzea. Horregatik entzungo zenuten emakume bakoitzak bizitza osoan zehar askatuko dituen obulu guztiak dituela jada. Gorputzaren lana da aurreobulu horiek obulu bihurtzea eta hilean behin askatzen joatea. Askatze horretan ebolutiboki eta biologikoki espero dena da ernalketa bat gertatzea eta espermatozoide bat obulu horrekin topatzea, ondoren umetoki horretan kokatu eta hazteko. Zer da hilekoa, beraz? Umetokia 28 egunero 'ohe goxo' bihurtzea. Horretarako bere hormak odolez betetzen ditu eta bertan oso ingurune egokia sortzen da ernaldutako obulu bat iritsiz gero, itsatsi eta pixkanaka hazten joateko. Zer gertatzen da? Gorputzak berehala dakiela obulu bat noiz izan den ernaldua eta noiz ez, eta unea iristen denean obulu hori falopioren tronpan barrena doala umetokira iristeko. Obulua ez bada ernaldu gorputzak horma guzti horiek hustu egiten ditu, eta ondorioz sortzen den material horren erorketa odola eta abar da hilekoa.

Emakume askok pentsatu dezakete haurrak izateko gogorik edo asmorik ez badute, zertarako izan behar ote duten hilekoa. Baina kontuan hartu behar da obulutegien lan garrantzitsuetako bat dela estrogenoen eta orokorrean, sexu hormonen sorrera eta gorputzaren zeharreko banaketa. Beraiek arduratzen dira garunera eta gorputzeko beste atal batzuetara seinaleak bidaltzeaz; hormona zehatz batzuk noiz behar diren adierazten dute, nolabait. Horrela daki gorputzak noiz hasi behar duen obuluen ziklo hori, hau da, noiz izan behar duen emakume batek lehen hilekoa edo menarkia. Femeninotze prozesu hori irekitzeko garaia noiz iristen den daki, beraz. Izan ere, obuluak arduratzen dira menopausiara arte gorputz hori femenino mantentzeaz; hau da, nerabezarotik emakume heldu izatera bitarte horretan emakumeen aldakak zabaltzen dira, bularrak hazten dira, ilea ateratzen da zenbait tokitan... Horiek guztiak ezaugarri sexualak dira, gorputz femenino baten ezaugarri sexualak. Hori gertatzeko hormona batzuk gorputzean zehar bidaiatzen dute eta obulutegiak dira horretaz arduratzen direnak. Zer gertatzen da menopausia iristen denean? Seinale horiek ez direla horren indartsuak eta gorputzak aldaketa batzuk nabarituko dituela; lehen estrogeno pila bat jasotzen zuen eta orain ez horrenbeste, eta orduan hasten da emakumeen gorputza maskulinizatzen. Ohikoa da 60 urteko emakume bat ikustea ez duena jada horren gorputz femeninoa, gitarra formaduna edo bibote gehiago duela...

Barne ugal aparatua izango litzateke hori, eta justu erdibidean, kanpo ugal aparatua baino lehen, bagina dago. Umetokiaren azpian horma txiki moduko bat dago, umetokiaren sarrera dena. Jendeak uste du oso malgua eta hauskorra dela, baina baginaren amaiera eta umetokiaren hasiera horma horrek banatzen du eta badu zulo txiki bat, nondik ateratzen den hilekoaren odola, baina horma hori sendoa da.

Hortik baginara goaz. Bagina espazio birtual bat da. Bagina bat ez da bagina barruan ezer ez badago. Bagina bat berez azal dezentez osatuta dago, baina bagina sortzen den barrunbe hori da. Sortzen den zulo hori. Modu erlaxatuan beraz, bagina hori ez da bagina. Baginak duen ezaugarri nagusia da lehen herena sentsiblea dela eta datozen bi herenak, umetokirantz doazenak, ez direla sentsibleak. Egiten den edozer gauzetarako kontuan hartu behar da hori; tanpoi bat sartzeko, kopa bat jartzeko, sarketa baterako...

Baginak duen beste ezaugarri bat da gorputzeko atal hezeenean dagoela, eta bere funtzioetako bat umetokiko segurtasuna bermatzea, horregatik oso ingurune azidoa da, bakteriak-eta hiltzeko dago prestatua eta fluxua ere badago. Fluxua bagina lubrikatzeko eta babesteko dagoen likido modukoa da. Gorputzerako sarbide zuzena da eta beraz, zaindu egin behar da. Infekzioak ekiditeko du ezaugarri hori. Kitzikapena gertatzen denean ere fluxua sortzen da. Fluxuak asko esaten du emakumearen egoeraz. Norberak bere fluxua ezagutu beharko luke, asko lagunduko digu osasuntsu dagoen ala ez jakiteko. Garden samarra edo zurikara bada ondo dago, baina oso-oso zuria bada, horitzen bada edo zer esanik ez, berdetzen bada, zerbait gaizki doa. Hilekoa izateko garaia iristen denean ere fluxua arroxagoa izan daiteke eta horrek lehen odol tantak hasi direla esan nahiko du. Adinak aurrera egitean fluxua gutxitu daiteke. Horren aurrean esan behar dut badaudela produktuak lubrikatzeko telebistan iragartzen dituzte, baina kontuz, ez baitira lubrikatzaile hutsak, anestesia ere badute, sarketak errazten ditu, beraz, baina zeinen truke? Lubrikazioa errazteko modu asko daude produktu horietara jo gabe, koko olioa, esaterako.

Kanporantz goaz, bagina atzean utziz, eta ginekologoarenean ikusten den irudi tipikoarekin topatuko gara; hori guztia da alua, gaztelerazko vulva. Baginatik aterata ezpain txikiak ditugu lehenik, eta ezpain handiak, gero. Ezpain handi horien inguruan ilea dago, gorantza joan eta Venusen mendiraino iritsiko gara, eta hortik pubiseraino. Ilea: beste kontu serio bat. Zertarako dago hor ilea? Barrera natural bat da, zerbaitetarako dago dagoen tokian. Bakteriak, zikinkeria eta abar, ahalik eta kanpoen mantentzeko da ilea.

Mutilek orokorrean, uste dute emakumeek alutik egiten dutela pixa, baina emakumeek badute beste zulotxo bat: uretra. Horrekin batera atzean, uzkia dago, atzean.

Bukatzeko, klitoria ere aipatu behar dut, ez badirudi ere, ugal aparatuaren parte baita. Klitoriak ez du ugalketa funtzio biologikorik, baina badu bere garrantzia eta zerikusia. Klitoria ugalketa bermatzeko sortu den armarik potenteena da. Eboluzioak sortu duen gauzarik inteligenteena da. Gorputz atal horren kitzikapenak plazer handia ematen du eta ugalketa gauzatzeko gogoa pizten du. Zakila eta klitoria berez, leku beretik datoz, egitura beretik. Horregatik esaten da behar bada, sortu, denak sortzen garela emakume, eta gero, umetokian banatu eta gizon edo emakume egiten garela. Gizonen klitoria zakil mokoa da. Klitoria ez da kanpoaldean ikusten den gauza txikitxo hori bakarrik, barrura ere badoa. Iraulitako Y forma du. Klitoria beraz, uste dena baino handiagoa da, eta bere egitura horrekin besarkatzen du baginaren lehen zatia. Lehen hitz egiten zen orgasmo klitoriarraz eta baginalaz, baina ikusi da gauza bera direla, kontua da klitoriaren zein zonalde kitzikatzen den. Horrekin lortu du eboluzioak sarketa prozesua atsegina izatea eta espeziaren jarraipena bermatzea. Klitoria altxor bat, asko zaindu beharrekoa nire ustez, emakumeek zorte handia dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!