Amodioaren ibilbidea

Erabiltzailearen aurpegia Jon Imanol Etxabe 2018ko uzt. 7a, 09:57

Udaran ematen diren harremanen inguruan ariko gara, udako amodioez, alegia. Hamaika udako amodio daude, gustu eta mota guztietakoak, baina galdera batetik etorri zaigu saioan gaia lantzeko asmoa: Maitasunik egon behar al du udako gau bateko harreman horretarako? Maitasuna ote dago gau bateko erotikan?

Gaurkoan ere atzera egingo dugu gaia kokatu ahal izateko. Historikoki beti egon da lotura erotika eta helburu politiko-estrategikoen artean; familia sortu, erreinuak elkartu... horrelako kontuak egon dira atzean, izan ere, erreinuak elkartzeko ezkondu eta seme-alabak egon behar ziren. Atzera eginda ikusi ahal dugu maitasuna ez zela kontuan hartzen. XVIII. mendean sartu zen erromantizismoa eta orduan hasten da maitasunaren ideia hori.

XVIII. mendean interes jakin batzuetatik harago maitasuna bazegoela ikusi zuten eta zerbait garrantzitsua izan zitekeela ere ikusi zuten. Ordura arte, egongo zen maitasuna, noski, baina askotan bigarren plano batean geratzen zen, maitasunak bikotetik aparteko kontuekin baitzuen zerikusia; sasikumeen kontuak eta ere hor zeuden. Pasioa ez dago beti lotuta erotika jakin batekin; senar-emaztearekin larrua jotzeak ez du esan nahi pasioa egongo denik.

Duela gutxi arte beraz, erotikak eta maitasunak ez dute bat egin, ez beti behintzat. Baina gerora eliza, maitasuna eta erotika bateratzen saiatu zen eta esklusibotasun hori derrigor bihurtu zuen; bikoteari leial izan behar da, maite baduzu erotika izan behar duzu...

Urteekin elizak ezarritako hainbat «arau» iraultzen ari da gizartea, eta beraz, gaur egun, bestelako joera batzuk ere ari dira gailentzen.

Elizak, kristautasuna kasu honetan, eragina galtzen ari den honetan konturatzen ari gara beharbada aukera gehiago ere badaudela.

Udako amodioetara edota udako topaketa erotikoetara bueltatuz pertsona baten bizitzan oso garrantzitsuak izan daitezkeela esango dugu, eta, batez ere, nerabezarora egiten dugu salto hitz horiek entzutean.

Nerabezaroan dena dago hankaz gora nolabait esateko, aldaketa garaia da, emozionalki behar gehiago izaten ditugu... Oso nahasia izaten da erotikaren balorea. Agian pertsona helduago batek argi eta garbi bereiziko ditu maitasuna eta erotika eta esan dezake pertsona batekin erotika ez oso ona eduki arren, asko maite duela. Edo alderantziz, erotika ona izan dezake maite gabe. Horregatik daude mila aukera gaur egun, badaude bikoteak oso ondo moldatzen direnak egunerokotasunean, baina, beharbada, erotikan arazoren bat dutenak, eta horregatik beste bikote edo harreman erotikoak dituztenak bikotetik kanpo, horrek bikotean zatiketarik ekarri gabe. Beste batzuk berriz erotika izateko maitasuna behar dute, ez dira gai erotika izateko ezagutzen ez duten norbaitekin. Kasu guztiak dira zilegi eta posible. Gai gara ikusteko erotika eta maitasuna bizitzeko hamaika modu daudela, nahiz eta hori, batez ere, helduagoengan ematen den. Nerabezaroa beste kontu bat da. Garai horretan oso erraza da nahastea erotikoki zerbait atsegin izatea maitasun edo sentsazio afektibo batekin.

Esan behar da egoera erotiko batean askatzen diren hormonak garunarentzat ziztadak direla; dopamina, serotonina... garuna drogatuta geratzen da. Horregatik ez da zaila sentsazio horiek maitasunarekin nahastea.

Dopamina (DA) nerbio-sistema zentralaren kitzikatzailea da eta parkinson gaixotasunarekin erlazionatuta dago. Katekolamina bat da.

Serotonina, aldiz, nerbio-sistema zentralaren neuronek, garunarenak, batez ere, sortzen duten neurotransmisorea da, heste lodiko hainbat zelulak ere sortzen dutena. Serotoninak eragin handia du nerbio-sisteman gizakiaren gogo-aldarteak baldintzatuz. Lasaigarria da eta baita antidepresiboa ere. Loa eragiten du, eta jateko gogoa eta sexu gogoa apaltzen ditu.

Amodioa edo maiteminaz ari gara eta sentsazio horrek sentimendu asko, kontrajarriak askotan, barnebiltzen ditu. Maitasun mota desberdinak daude eta esan ohi da urteak aurrera joan ahala sentimenduak aldatu egiten direla. Ez da gehiago maite edo gutxiago maite izatea, sentimendu horren aldaketak ematen direla baizik.

Eta nola azaltzen da hori sexologikoki? Amodio edo maitemina gertatzen denean lehen hiru eta sei hilabeteetan limerentzia prozesua ematen da. Barruan tximeleta festa dugula esan ohi da, sentsazio bereziak ditugula, poztasuna... Noski sintomak asko dira eta desberdinak. Baina egia da garuna dopamina, serotonina eta oxitozina ari dela jasotzen etengabe. Oxitozina loturak sortzen dituen hormona da eta horregatik sortzen dira jeloskortasun sentimenduak, esklusibitatea lortu nahi izatea, pertsona horretan pentsatzea etengabe... Hormona festa horren ondorio dira sentimendu horiek.

Lehen fase edo ametsaldi horrek bi urtera arte iraun dezake. Bi urteak pasatzean biologoek eta etologoek diote maitasuna bukatu egiten dela eta beste zerbait hasten edo bukatzen dela. Momentu erabakigarria izaten da, bikoteak aurrera egin edo ez erabaki dezake. Maitasun horrek beste modu bateko maitasun batera jo dezake, zaintzara bideratuagoa dagoena, esaterako, atxikimendu bezala ezagutzen dena. Maitasun estuagoa sortu daiteke senidetasunaren aldetik edo. Garai batean fase berri hori seme-alabak edukitzearekin zegoen lotuta, baina gaur egun dagoen bikote aniztasun horrekin motz geratzen da garapen hori.

Udako amodioez hitz egiten hasi gara eta horietan zein beste harreman guztietan gauzak hasieratik argi utziz gero arazo gutxiago sortzen dela esan nahiko nuke. Harreman mota guztiak dira baleko; gau batekoak, urte luzeetakoak... beti ere harremanean parte hartzen dutenak ados badaude. Hori baita garrantzitsua uda bateko edo bizi guztirako harremanak edo topaketa erotikoak izatean, partaide guztiek nahi izatea.

Udako istorioa nahi dutenek uda honetan bazter guztietan egongo diren erromerietan sortzen den giroa baliatu dezakete. Inguruan egindako galdeketa batean horixe esan baitigute; herri txikietako festetan bizitu izan dituztela udako amodio ahaztezinak.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!