Normalean gizonezkoak izaten dira emakumezkoen papera hartzen dutenak. Drag Queen-ak bezala ezagutzen ditugunak ere hor sartuko lirateke, baina ez dugu ahaztu behar ez direla bakarrak, Drag King-ak ere badaude, hau da, emanaldiren bat-edo eskaintzeko gizonezkoz mozorrotzen diren emakumezkoak.
Eta zergatik da transformista eta ez trabestia edo transexuala? Conchita Wursten kasuan adibidez Europa mailan transformismoa modu irekian azaldu duen pertsonaia da atzean dagoena gizon bat da, gizon sentitzen dena, ez transexuala, eta mozorrotzen denean ez du inolako kitzikapenik sentitzen, ez da erotikoki pizten, alegia. Transbestismoan kontrako sexuaz mozorrotzean kitzikapena sentitzen da.
Bizio moduko batekin lotu izan da beti, baina gaur egun gure kultura geroz eta aberatsagoa denez, ikusten ari gara ez daukala zertan ezer berezirik egon behar atzean, horixe da transformismoa; kontrako sexuaz mozorrotzen diren pertsonak emanaldi bat eskaintzeko, besterik ez.
Nahiko normalizatua dago eta bizia modu arruntean bizi dute. Elkarteak daude jada. Elkarte horietara sartuz gero gizon transformista pila bat ikusiko ditugu, neskatoz jantzita, euren gustuko gauzak egiten; hitz egin, kafea hartu edo dena delakoa. Euren feminitatea bideratzeko lekuak dira, euren diskurtsoa hori da. Espazio bat da non beraiek mozorrotu ahal diren eta euren emakumezko alde hori lasaitasun gehiagorekin bizi ahal duten.
Pertsonaia bat sortzen dute eta pertsonaia horiek normalean, beti izaten dute berezitasunen bat. Drag Queen-ek orokorren, pertsonaia bat dute eta normalean baino ezentrikoagoak izaten dira, lotsagabeagoak edo... Bizitzarekiko beste jarrera bat erakusteko ariketa bezala ere erabili ahal da, baina ez dauka zertan.
Mozorrotzeko moduak ere oso muturrekoak izaten dira. Denetarik dago, Drag Queen-en mundua oso zabala da, askotan femeninotasunarekin lotutako elementu horiek muturrera eramaten dituzte, baina ez beti, eta ez du zertan horrela izan behar.
Hau guztia famatu egin duena AEB tako RuPaul's Drag Race telebistako reality-a izan da, hamar denboraldi ditu jada. Hamabi Drag Queen dira, astero elkartu eta hainbat froga egin behar dituzte; soinekoak egin, antzezpenak, dantzak, abestiak... Ikusi ahal izan duguna da Drag Queen izateko hamaika modu daudela, eta badaudela ere oso errealistak izan nahi dutenak; edertasun kanonetik gertuen dauden emakumeak gorpuzten dituzte. Badaude oso muturrera jotzen dutenak ere.
Batez ere, aldarrikapena sustatu nahi dute, gizonak izanda emakumetasunarekin lotzen den hori muturrera eraman nahi dute. Bestetik, aniztasuna aldarrikatzeko modua ere bada, emakume izateko mila modu daudela ikusaraziz.
Beti egon den zerbait dela esan genezake. Bereziki gizonen artean beti egon da mozorrotzeko joera hori. Elkarte horietan esaten dute emakumetasuna modu duin batean bideratzeko aukera aurkitu dutela bertan. Gizonezkotasunarekin talka egiten duenez, beraien feminitatea bideratzeko modu bakarra da, mozorro bat aitzaki hartuta super emakume dira. Esan behar da greziar antzerkian ez zeudela emakumezko aktoreak, gizonezkoek betetzen zituzten emakumezkoen paperak. Beraz, oso atzera eginda ere topatu ahal dira transformismoaren adibideak.
Transformismoaren atzean emanaldi edo ikuskizun bat dagoela esan dut eta horietan ikusleak ere askotarikoak dira. Argi daukat ikusleen artean badaudela erotikoki pizten diren gizonezkoak, anbiguotasunak beti pizten baitu jakin-mina, erakargarria izaten da, baina ez dira denak izango. Egia da aipatu dugun reality-aren ikusleen zati handi bat emakumezkoak eta gizon andrerastak dira.
Transformista izateak ez du definitzen norberaren desira bidea. Askotan lotzen da transformismoa andrerastak diren gizonezkoekin, baina ez dauka zertan. Asko daude etxera itzultzen direnak euren familia eredu 'ohikoarekin'.
Queer munduaz ere aritu gaitezke. LGTB terminoa pixkanaka zabaltzen joan da eta orain LGTBIQ+ (lesbiana, gay, transexual, bisexual, intersexual, queer eta beste hainbat) erabiltzen da. Dena sailkatzen hasten bagara eta komunitate txiki guztiak aldarrikatzen hasten bagara, pila bat komunitate aterako dira eta hobea da komunitate potolo bat hartzea, aniztasuna defendatu eta aldarrikatuko duena, hortik bukaeran + ikurra sartu izana.
Queer arraroa da ingelesez. Baina ez pertsona arraro bat, gizartearentzat berezia den zerbait baizik. Zaila dena sailkatzen, nolabait esateko. Queer esatea ez naiz normatiboa esatea izango litzateke, are gehiago ez dut normatiboa izan nahi esatea. Ez dut bi rolen artean aukeratu nahi, ez dut nahi desirari begira aukeratu... Zentzu horretan bakarra naiz aldarrikatzen du, gizontasuna edo emakumetasuna bizitzeko modu propioa. Queer izatea anitza izatea da, generotik harago. Bi rol nagusi daude gure gizartean, estereotipo itxiak dira nagusi, nolabait esateko, eta oso zaila da gaur egun eskema itxi horiekin %100ean lotzea.
Queer mugimenduaren defendatzaile nagusiak hirugarren generoaren edo genero fluidoaren aldarrikatzaileak dira; hau da, momentu batean nire sexua bat izanda, jokatzeko moduan eta erotikari dagokionez ez daukat gustu edo jokaera bakar bat, momentuaren edo egoeraren araberakoa izango da. Gizon zuri, kaukasiko, generasta ez den edonor, queer kolektiboan ongietorria izango dela nabarmendu behar da.
Yogurinha Borova artistari tarte berezia egin nahi diot, Anoetako festen barruan gaztetxean izan baitzen Sexu Askaperaren Egunaren harira, eta hori dela eta Mingaina Txulora-n tartea egin genion.
Berak aurkeztu zigun bere burua: «Laudiokoa naiz, arabarra, baina 21 urterekin joan nintzen Bilbora. Sorkuntzaren inguruan ibili naiz beti, bai argazkigintzan, modan, musikan... eta bat-batean, antzerki munduan sartu nintzen eta 20 urte baino gehiago daramatzat horretan. Trabesti bezala hasi nintzen eta hor jarraitzen dut. Orain oso gustura nago, geroz eta esperientzia gehiago daukat». Hasi zenetik hona gauzak aldatu direla esan zuen: «Gure munduan, LGTBIko munduan, gauzak aldatu dira, baina egia da gauza gehiago egin behar direla. Hor gabiltza. Garai hartan gutxiago geunden eta erdi ezkutuan beti, taberna jakin batzuetan... gaur egun taberna horiek desagertu dira eta dena nahasiago dago. Gay-ak doaz, lesbianak, transexualak... denak, nahasten gara, zorionez, eta geroz eta hobeto daude gauzak».
Anoetan Sexu Askapenerako Egunaren barruan egon zen eta horrelako egunak egotea beharrezkoa dela dio. «Oraindik beharrezkoak dira, begira nola dauden emakumeak... Jende asko dago oraindik gure mundua ez duena ulertzen eta garrantzitsua da gu ikustea normalizaziorako bidean; bizitza normala daramagu, gure lanak ditugu... normaltasunez bizi gara, normaltasun hori zer den zehaztu behar, hala ere. Gu ere munduan gaude eta zoritxarrez erasoak daude, beste hainbat gauza, eta lanean jarraitu behar dugu». Aniztasunaren sustapen horretan Yogurinha Borovaren diskurtsoak berebiziko garrantzia du.
Borovak esan bezala, 20 urtetik gora daramatza mundu horretan eta gogoratu du Las Fellini taldearekin hasi zela. «Haien lana ikustera joaten nintzen ostegunero eta igandero. Halako batean eurekin ateratzera gonbidatu ninduten eta garai hartan bogan zeuden Spice Girls taldekoak eta ni kirolariarena egiten hasi nintzen. Lehen egun horretan ikaragarri ondo pasa nuen eta hortik esan zidaten euren tabernara joateko lanera, joan nintzen eta orain arte. Lehen momentutik oso ondo egon naiz, eta ordutik mundu horrekin ikasten joan naiz, zoragarria da komunitate hori». Transformismoaren munduan aritzeak lan asko supotzen duela dio, baina oso polita dela nabarmendu nahi izan du. Borovak sei disko ditu kalean eta geroz eta ospe handiagoa lortzen ari da, eta bere abestietan beti aldarrikatzen du. «Oso abesti petardoak ditut. Aldarrikapenak egitea garrantzitsua da, mezuak bota nahi ditut, beharrezkoak dira».