Kondoia erabili behar da

Erabiltzailearen aurpegia Jon Imanol Etxabe 2018ko mai. 4a, 21:35

Sexu bidez transmititzen diren gaixotasunez ariko gara aste honetan. Bi taldetan banatuko ditugu: parasito edo bakteriek eragindakoak, eta birusek sortutakoak.

Bakteriei lotuta hiru gaixotasun aipatuko ditut; clamidia, gonorrea eta sifilia.

Clamidia. Gaur egun ezagunena da. Lehen sintomak uretritis, baginitis edo rectitisa dira. Infekzioa duzun lekuan min sentsazioa sortzen du eta batzuetan baita zornatzea ere. Zoritxarrez kasuen %50a asintomatikoak dira, hau da, ez dira nabaritzen, eta konturatu gabe beste norbait kutsatu daiteke. Garrantzitsua da clamidia ondo sendatzea, epe luzera arazoak sortu ahal dituelako. Gizonezkoen kasuan prostatitisa sortu dezake, eta emakumeen kasuan pelbis inguruko hanturazko gaixotasun bat sortu dezake, haurrak izateko zailtasunak ekarriz. Ikusiko ditugun gaixotasun gehienak bezala, fluxuen kontaktuaren bidez transmititzen da; hazia odolarekin, fluxua odolarekin, odola odolarekin... gehienetan odola dago tartean. Inkubatze prozesua 7 eta 21 egunen artekoa da. Diagnosia egiteko modua frotis bat egitea da. Medikuak egiten du; belarriak garbitzeko daudenak baino luzeagoak diren makilatxoak erabiltzen dituzte lagin bat hartzeko. Froga hori laborategira bidali eta horrela baieztatzen dute gaixotasuna duzun ala ez. Nahiko gaixotasun eramangarria da, eta antibiotikoak hartuz sendatzen da.

Gonorrea. GIBa gaur egun ez da lehen bezain hilkorra, jada ez da heriotza epai bat. Gaur egun ondo zainduz gero luze bizi ahal da. Ondorioz, kondoiaren erabilera asko jaitsi da eta horrek ekarri du gaixotasun batzuk gora egitea. Gonorrea da horietako bat. 2000. urtetik bost aldiz egin du gora, batez ere, gizon gazteen artean. Gonorrea bakterio bidez zabaltzen da eta oso zantzu garbiak uzten ditu. Genitaletatik zornea ateratzen da, zorne lodi eta likatsua. Gehienetan horia izaten da, baina berdea ere izan daiteke. Mutilen kasuan ohikoa izaten da goizean esnatzean ezin pixa egitea uretra jario horrekin betea dagoelako, eta arazoak sortzen ditu pixa egiterakoan. Argi ikusten da eta min egiten du, erredura sentsazioa ematen du. Ondorioak clamidiaren antzekoak dira, eta bitxikeria da gonorreak sortu ditzakeen ondorioen artean daudela artitrisa eta begiekin zerikusia duten hainbat gaixotasun. Inkubazio prozesua 2 eta 10 egun artekoa izaten da, eta honakoan ere frotis bidez baieztatu daiteke gaixotasuna dugun ala ez. Hau ere antibiotikoak hartuz sendatu daiteke. Gonorrearekin kutsatzeko aukera %60koa da, gaixotasun gehienak bezala, eta %93,7ak gainditzen du.

Sifilia. Prostituzioarekin lotu izan den gaixotasuna da. Bi fase dauzka: suabeagoa dena eta potenteagoa. Argi dago noiz duzun, txankroak ateratzen baitira, hau da, borobiltxo gorrizta batzuk ateratzen dira. Ez du zertan minik eman. Txankroak bat-batean ateratzen dira genitaletan edo ahoaren inguruan. Hiruzpalau astetara desagertu daitezke, baina horrek ez du esan nahi gaixotasuna sendatu denik. Lehen fase horretara bi aste eta 10 asteren artean iristen da, inkubazio prozesua nahiko luzea da, beraz. Kontuz ibili behar da epe horretan, izan ere, minik egiten ez duenez baliteke ez konturatzea gaixotasuna dugula. Adibidez aho-sexua izan eta eztarri barruan sortu daiteke, eta minik ematen ez duenez, ez da erraza konturatzea. Txankro hori identifikatu ez badugu, edo identifikatuta ere ez badugu ezer egin, okerrera egingo du, eta bigarren fasean sartu. Bigarren fase horretan ikusgarriagoa izango da; puntu txiki gorriak ateratzen dira, garatxoak bezalakoak dira eta ilaran ateratzen dira. Behin hori agertuta neke sentsazioa areagotu egiten da, sukarra azaltzen da eta gurintxoak handitzen dira. Ilea ere erori daiteke.

Lehen fasean antibiotikoak hartu behar dira, eta bigarren fasean egonez gero, baita, baina antibiotikoak potenteagoak dira, eta batzuetan gihar-barnetik eman behar dira, ziztadaz. Kutsatzeko arriskua txikiagoa da kasu honetan, %40 ingurukoa. Sifilia, gonorrea bezala, igo egin da azken urteetan; 2000. urtetik 4.000 kasu azaltzen dira urtean, 6 aldiz igo da, beraz. 25 urteko gizonezkoen artean igo da batez ere. Gaixotasunak defentsekin du zerikusia eta beraz, sifilia izanez gero, edo bikote erotikoak sifilia edukiz gero, beste gaixotasun batzuk hartzeko arriskua areagotzen da.

Bigarren multzoari dagokionez, hau da birusek eragindako gaixotasunei lotuta, lau gaixotasun aipatuko ditut: genitaletako herpesak, giza-papilomaren birusa, B eta C hepatitisa, GIBa.

Genitaletako herpesa. Ezaguna da oso, batez ere ahoko herpesa da ezaguna. Erredura sentsazioa ematen du eta herpesak barruan ur moduko bat du. Ur hori bakterioz, germenez eta birusez josia dago, eta oso kutsakorra da. Arazoak, beraz, baba hori lehertzen denean sortzen dira. Ahoko herpesa genitaletara pasa daiteke eta alderantziz. Herpesaren berezitasuna da denboraldika doala, muturreko eguraldi aldaketekin ateratzen da, adibidez. Oso ohikoa denez jendeak erotika izaterako garaian ez du kontuan hartzen, baina oso kutsakorra da. Denboraldika doanez, joan eta etorri egiten denez, esan genezake birus hori gugan bizi dela. Birus asko ditugu eta horietako bat da herpesarena. Tarteka azaleratzen da, eta orduan bakarrik da kutsakorra. Inkubazio prozesua 2 eta 12 egunen artekoa da. Infekzio kasuak %40 ingurukoak izaten dira.

Giza-papilomaren birusa. Birus honek 100 aldaera ditu. Horietatik 40 bakarrik kutsatzen dira erotikaren bidez, genitalen kontaktuaren bidez, alegia, eta 40 horietatik lau dira oso garrantzitsuak. Lau horiek oncogenikoak dira, minbizi prozesu batera eraman ahal dutenak. 16. eta 18.a dira bereziki ezagunak eta emakumeen umetoki-lepoko minbizia sortu dezakete. Azken urteetan 14 urte inguruko emakumeei txertoa ematen diete, baina jende helduagoek eta mutilek ez dute, eta azken urteetan txertoa erabat zabaltzeko deia egiten ari dira. Txerto hori modu pribatuan hartu ahal da, baina osasun publikoan emateko eskaera hor dago. Garatxoak ateratzen dira, eta beraz, argi ikusten da. Depilazioaren kontuak garrantzia du gaixotasun honetan; ileak asko babesten baitu kutsadura honen aurrean. Depilatutako alu eta zakiletan kasu gehiago ematen direla ikusi da. Inkubazio prozesua luzeagoa da, hilabete batetik urte oso batera luzatzen da. Birusa kutsakorra da, nahiz eta ez konturatu, horregatik da garrantzitsua norberak bere burua esploratzea.

B eta C hepatitisia. B hepatitisaren aurkako txertoa oso zabalduta dago, eta beraz, ia desagertu dela esan daiteke. Kutsatzeko aukerak handiak dira, baina, batez ere, migrazio prozesuen ondorioz. C hepatitisa kutsatzeko modu nagusia odol isuraldatzeak dira. Genitalen arteko kutsadura %3koa bakarrik da, baina gaixotasun potentea da. Gibelaren inguruko arazoak sortzen ditu, zirrosia esaterako.

GIBa. Giza immuno eskasiaren birusak hiesara eraman ahal du. Gaixotasun birikoa da, erotika genitalaren arteko transmisioarekin ematen da. Noiz kutsatu daiteke? Semena, bagina-fluxua, odola eta esnea (edoskitzea) dira lau bideak. Zer ez da kutsagarria? Listua, izerdia, negar malkoak... Pixa eta kaka adibidez, berez ez dira kutsatzeko iturri, baina odola badago medio zauri txikiren bat dugulako, esaterako kutsatzeko arriskua dago. Kutsatzeko arriskua erotika bidez baino, sarketa bat dagoenean handitzen da. Baina arriskua hor dago. Behin GIBa duzula, kutsatu ahal duzu ala ez. Hau da, zaindu eta medikazio egokia hartuz, detekta ezina den momentura iritsi ahal da, eta orduan ez da kutsagarria. Baina beste kasuetan kutsagarria da. Beti hartu behar dira neurriak, hala ere. GIBa tratatzen ez bada, denboraren poderioz, sistema inmunitarioa ahultzen joaten da eta iristen da momentu bat non katarro bat hilgarri bihurtzen den. Inkubazio prozesua 3 hilabetekoa izan daiteke, susmoa eman duen harremanetik hiru hilabetetara egiten den edozein froga izan daiteke baliagarria. Frogak positibo ematen badu eta gorputzak sistema egokia badu, hiru hilabete horien buruan negatibora pasa daiteke.

Ikusi ditugun gaixotasun guztiak ekiditeko modurik eraginkorrena kondoia erabiltzea dela nabarmendu nahiko nuke. Bikote etika bat sustatzeaz ere aritu nahiko nuke. Zerbait badaukazu esan, ez ezkutatu, hitz egin. Gaixotasun hauetan diagnosia geroz eta azkarragoa izan, orduan eta hobeto, beraz, txerrikeria izan daiteke harremana eduki eta gero esatea, baina are okerragoa da, ez esatea.

Erlazionatuak

Kondoia erabili

Ataria 2018 mar 09 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!