Mila aukera, eta hamaika parafilia

Erabiltzailearen aurpegia Jon Imanol Etxabe 2018ko api. 6a, 21:13

Parafilien munduan murgilduko gara. Filos gustuko izatea da; filosofia, jakinduriaren inguruko maitasuna izango litzateke, esaterako. Filiak zerbait gustuko dugula esateko erabiltzen da eta parafilia gustuko dugun hori ez ohikoa dela adierazteko, kasu honetan harreman erotiko ez-ohikoak izendatzeko erabiliko dugu.

Medikuntzatik datorren hitza dela esan genezake; buruko gaixotasunak izenpetzeko hitz bat behar zuten, eta parafilia erabiltzea adostu zuten.

Gauza normatiboak erotika asetzeko nahikoa ez direnean erabiltzen da, beraz. Horregatik ez da guztiz egokia filia bakarrik erabiltzea, izan ere, pedofilia, paidos=umea eta filia=gustuko izatea da, hau da, haurrak gustuko izatea, baina haurrak gustuko izateak, bere horretan, ez du sexuarekin edo erotikarekin zerikusirik. Zein hitz erabili beharko genuke haurrak erotikoki gustuko izatea adierazteko? Pederastia, -erastia atzizkiak zerbaitek erotikoki pizten zaituela adierazten baitu. Beraz, zehazte aldera, paraerastiaz hitz egin beharko genuke, ohikoa ez den zerbaitek pizten gaituela adierazteko. Pedofilia eta pederastia egunerokoan ia sinonimo bezala erabiltzen dira, nahiz eta ez izan horrela, argi baitago etimologikoki ez direla gauza bera.

Parafilia asko fantasian geratzen dira eta ez dira ekintzetara iristen. Parafiliak asetzeko nahikoa izan daiteke irudimena. Fantasia hitzak garrantzi handia du azaltzen ari garen mundu horretan, eta baita morbo hitzak ere. Ekintza berak baino, zenbait egoera edo objektuk edo dena delakok, pizten gaituenean erabili daiteke morbo hitza. Normalean egintza oldarkorrak dira parafiliarekin lotzen direnak eta zaila izaten da inpultsu horiek saihestea.

Parafilia batzuk zigortuak daude. Horregatik diot fantasia eta ekintzen arteko aldea oso handia dela parafilien kasuan.

Lau dira legez kanpo dauden parafiliak. Paidofilia edo pedofilia, aipatu dugu; nekrofilia, hau da, hildakoekin sexu harremanak edukitzea; frouterismoa, hau da, genitalak ezezagun baten kontra igurztea eta horrela kitzikatzea hainbat herritan sexu erasotzat hartzen da eta ondorioz, metroetan esaterako, emakumeentzako bagoi bereziak jartzen dituzte; eta exibizionismoa, azken honetan bakea haustea izango litzateke leporatutako delitua.

Egia da, hala ere, beste hainbat parafilia ere zigortuak daudela munduan zehar, baina zigor txikiagoekin, eta zerikusia du bikotearen arteko onarpena dagoen ala ez. Fetixismo desberdinak, urofilia pixa tarteko denean eta bikotea sartzen deneko beste batzuk.

Datuek diote gizonezkoek parafiliak gehiago azalerazten dituztela. Parafilia ekintzetara eramateaz ari gara hitz egiten, konturatuko zineten. Gauza gehienetan pentsamendua ezin kontrolatu daitekeenez, ekintzak neurtzen dira. Eta ekintzak neurtzeko garaian gizonak askotan ateratzen gara gehiago. Izan daiteke pultsuen kontrola ez dugulako horren garatua, eta egia da gizarte honetan kontrol gutxiago izaten dugula eta eskubide gehiago aitortzen zaizkigula.

Azterketek diote baita ere, parafiliak dituzten askok, haurrak zirela traumaren bat izan dutela edota Edipo konplexua dutela.

Sexologikoki parafiliak beti jo izan dira berezitasun erotiko bezala. Badirudi, psikologiako hainbat teoriak esaten dutela berezitasun horiek txikitan izandako arazoren baten ondorio direla. Edipo konplexua ere azaldu nahiko nuke, zentzu horretan. Sigmund Freud psikoanalista famatuaren teoria bat da. Freudek zioen, haurraren hazkuntza prozesuan badagoela momentu bat, non mutilak oso androzentrista baitzen amarekin asko maitemintzen diren. Maitemintze prozesu horretan haurrak ikusten du errealitatean aita bat ere badagoela eta aita horrek haurraren maitemintze hori zapuzten duela. Prozesu horretan aitarekiko gorroto moduko bat sartzen du Freuden teoriak eta Edipo konplexua bezala batailatu.

Edipo konplexu edo maitemintze horrek hainbat fase ditu eta pertsona bakoitzak bere modura kudeatuko luke. Aitaren figura autokratiko eta lege jartzailea onartu daitekeela edo ez, hori dio bere teoriak. Onartuko balitz, pertsona ondo haziko litzateke, baina 'arazo' hori ondo ebazten ez denean parafilia sortuko litzateke. Freudek zentzu horretan, obsesio bat izateaz hitz egiten zuen asko. Hasieran mutilez bakarrik hitz egiten zuen, baina gerora nesketara ere zabaldu zuen teoria, baina aitarekiko maitasunaz hitz egitean, Elektra konplexua deitu zion.

Parafilien sailkapenak ere badaude. Parafiliak asko dira, baina zortzi talde nagusitan sailkatzen dira.

Boyerismoa. Frantsesetik datorren hitza da, voir (ikusi) aditzetik dator, ikusten duena, ikuslea, edo esan nahiko luke; harreman erotikoak dituztenak ikusteak kitzikatzen duena izango litzateke voyeurra, edo muturreko egoera bat jasaten ari den norbait ikustean pizten dena... Talde horren barruan hamaika parafilia daude, hipnofilia esaterako, hau da, lotan dagoen pertsona bat ikustean pizten denari esaten zaio.

Sadismoa da beste taldeetako bat. Jendeari zigorra ezartzea, umiliatzea, min fisikoa eragitea... erotikoki kitzikatzen diren pertsonak biltzeko erabiltzen da eta sadomasokismoarekin du lotura. Sadomasokismoaz hitz egiterakoan bikote batez ari gara, sadista bat eta masokista bat dago ekintzan; hau da, mina eragiteak erotikoki pizten duen pertsona bat eta min hori jasotzen duena eta pizten dena. Dominazioak garrantzia handia du parafilia horretan.

Ezaugarri bereziak dituztenekin berotzen direnen parafiliak ere badaude beste talde batean; ilerik gabeko genitalak, anputazioak dituzten pertsonak, ilegorriak, familia barruko erlazioak... gustuko dituztenak.

Fetixismoa da beharbada, ezagunena. Pertsona batzuk objektu jakin batekin pizten direnean erabiltzen da; zapatak, pardelak, erabilitako barruko arropak... Desira erotikoaren zati handi bat objektu batean biltzen denean ematen da.

Parafilien barruan berotzeaz hitz egiterakoan malkoek, zuhaitzek edota landareek pizten dituzten pertsonak ere badaudela azaldu behar da.

Azken taldea bestialismoari dagokiona da. Parafilia horietan animaliek berebiziko garrantzia dute eta zoofilia da ezagunena, beharbada.

Esan dugu milaka parafilia daudela, baina garrantzitsua da nabarmetzea ekintza erotiko horietan parte hartzen duten pertsonen arteko onespena eman behar dela beti. Bestela ez litzateke parafilia bat izango, legalki delitu bat izango litzateke, eta legeak ez aurreikusi arren, moralki ezegokia izango litzateke, nire ustez.

Baina zein puntutan tratatu beharko litzateke parafilia bat? Noiz da arazo? Nik esango nuke erotikoki pizten zaituen gauza bakarra parafilia hori denean ematen dela arazoa. Era berean, parafilia horrek bizitzako beste esparru batzuetan ere mugak sortzen dituenean arazo bat dagoela esango nuke.

Hau guztia pornografian islatzen da asko, eta zenbat filia dauden ikusteko aukera ematen du. Publiko guztiari zabalduta dagoen zerbait dela ikusten da. Pornografiak zentzu horretan izugarrizko funtzio soziala duela iruditzen zait; hainbat desio eta nahi erotiko pila bat baretzen ditu, fantasian geratzen direnak, pornografiari esker.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!