Sexua eta laguntza beharra

Erabiltzailearen aurpegia Jon Imanol Etxabe 2018ko mar. 2a, 12:23

Sexu laguntza da gaur landuko dugun gaia. Aniztasun funtzionala duten pertsona batzuk laguntza behar dute sexu harremanak edukitzeko eta horretan sakondu nahiko nuke. Lehenik eta behin, aniztasun funtzionala duten pertsonak guztiok ditugun eskubideak dituztela nabarmendu behar da, eta ondorioz, sexu harremanak edo harreman erotikoak edukitzeko eskubidea ere badutela esan behar da.

Sexu laguntza termino nahiko berria da, dena den. Aniztasun funtzionala duten pertsonak beti egon dira, baina hauei askotan ez zaie pertsona estatusa eman. Gizartean beti egon dira baztertuta, edo estigmatizatuta. Egia da aniztasun hori fisikoagoa izan daitekeela, beso bat edo hanka bat falta izatea, esaterako, eta fisikoa den zerbait izateaz gain, adimen aldetik ere zailtasun batzuk izan ditzaketela. Badaude ere Downen sindromea dutenak. Kasu asko daude, milaka, eta ezin guztiak talde bakar batzuetan bildu.

Beti pentsatu izan da pertsona horiek ere ez dutela sexu beharrik, ez dutela erotikarik, baina hori ez da horrela, garbi dago. Behin entzun nuen kerubinoak bezalakoak direla, ez dutela sexurik, batez ere, Downen sindromea dutenei egozten zaie ezaugarri hori, «hain dira inozenteak!». Baina noski dutela sexualitatea eta noski dutela erotika, pertsona guztiak bezala.

Beste edozein pertsonaren moduan, sexudun pertsonak dira, desira izan dezakete, desira sentitu dezakete eta noski desiratuak izan daitezke. Eta hori gure 'arauetan' sartzen ez delako edo, ez zaigu burutik pasatzen, baina horrela da. Errealitate sexual eta erotikoa dago aniztasun funtzionala duten pertsonen artean, ezin ukatu daiteke hori.

Sexua dute, erotika dute, eta behar batzuk dituzte, eta noski, edozein pertsonak bezala, eskubideak dituzte. Zorionez, azken urteetan euren eskubideak geroz eta gehiago aldarrikatzen ari dira. Eta eskubide horien artean sexualitate aske bat izateko eskubidea dago, noski.

Sexu laguntzailearen figura hor dago, beraz. Pertsona horrek, sexu laguntzaileak, ahalbidetuko luke aniztasun funtzionala duen pertsona horrek bere kabuz egin ezin dezakeena. Aniztasun funtzionala duen pertsonak egin ezin dezakeena egingo luke sexu laguntzaileak, beraz. Justizia moduko bat dela esango nuke nik. Hau da, pertsona batek bere kabuz egin ezin dezakeena egiteraino laguntzen dio sexu laguntzaileak. Esaterako pertsona batek ez baditu bi besoak eta masturbatu nahiko balu, sexu laguntzaileak horretan lagunduko lioke, masturbatuz, kasu honetan. Baina inoiz ez da harago joango, sexu laguntzaileak ez du inoiz egingo norberak bere kabuz egin dezakeena. Normalean autoerotismoaz hitz egiten da sexu laguntzari buruz aritzean.

Hainbat esparru daude alor honetan, eta beste figura batzuk ere badaude, sexu hezitzailearena esaterako. Sexu laguntzailearen eta sexu hezitzailearen figurak desberdinak dira, ez dira nahastu behar. Eta horregatik diot sexu laguntzailearen figura autoerotismoari dagoela lotuta, batez ere.

Laburbilduz, eta orokortuz, aniztasun funtzionala duten pertsonak bere kabuz ezin dezaketena egin ahalbidetzea da sexu laguntzailearen lana eta aldiz, aniztasun funtzionala duten pertsonei euren sexualitatea garatzen edo ulertzen laguntzea hezitzailearen egitekoa izango litzateke, baita euren sexua nola bizi ahal duten azaltzea ere.

Gaia baztertua izan da urteetan eta informazioa nahastuta ageri da gehienetan. Prostituzioarekin nahastu izan da sexu laguntzailaren figura eta zalantza asko sortzen ditu. Hor daude aniztasun funtzionala duten gertukoen beldurrak ere. Gaia ez da erraza.

Downen sindromea duten pertsonen artean badago berezitasunik, izan ere, normalean mutilak antzuak izaten dira, ez dute, beraz, ondorengotzarik izateko aukerarik. Neskek badute aukera, baina ohikoena zikiratzea izaten da, tronpa ligadura bat eginez edo. Antzuak ez diren mutilak zikiratzeko ohitura ere badago. Historian zehar hori egin izan da, baina gaur egun badira horren kontra daudenak ere. Heziketa egoki batekin eta laguntza pixka batekin sexualitatea beste modu batera bizi dezaketela uste da gaur egun, horrenbeste beldurrik gabe, berdintasunaren bidean.

Hezitzailearen figurara bueltatuz, esan dugu gai korapilatsua dela, eta horren adierazlea da Europan, baita aurreratuen jotzen diren herrialdeetan ere, ez dagoela sexu laguntzailearen figura aurreikusten duen legediarik. Suitza da horren inguruan eztabaidatu duen herrialde bakarra. Suitzan badago gaiaren inguruko legerik, eta esaterako, sexu laguntzaile bakoitzak hilean gehienez zenbat zerbitzu eman ahal dituen arautu dute. Esan dugu sexu laguntzailearen lana aniztasun funtzionala duen pertsonak egin ezin dezakeen hori egitea dela, hori bakarrik, eta Suitzan koitoa edo sarketa zigortzen dute.

Herrialdeak beldur handiz daude sexu laguntzailearen inguruko araudi bat egiteko. Suitzak egindakoa oso ondo dago, eta aurrera pauso handia da, baina lan asko dago oraindik.

2010.urtean Espainian sexu aske bat bizitzeko eskubidea aldarrikatu zen, baina hori ez da garatu eta ez da egunerokotasunera eraman. Aldarrikapen hutsean geratu da eta ez dute ezer zehaztu. Giza eskubide bat da sexualitatea aske bizitzea, baina ez dute garatzen. Zentzu horretan oso zaila da sexu laguntzailearen figuran gehiago sakontzea. Espainian lan egiten duten sexu laguntzaileak autonomoetan alta emanda daude, eta kotizatzen dute, baina laguntzaile pertsonal bezala, hau da, menpekotasunen bat duen pertsonen laguntzaileak izango balira bezala kotizatzen dute. Linbo batean daude eta legedia ez dagoen bitartean bakar batzuk egoera euren onerako baliatuko dute.

Sexu laguntzailearen figurarako badago ikastaroren bat edo, baina legezkoa ez denez, zaila da zehaztea non dauden mugak, ez baita titulu ofizial bat.

Muga fina dago sexu laguntzailearen eta prostituzioaren artean ere. Eta hor dago koska, non dago muga? Non bukatzen da laguntza eta non hasten da prostituzioa? Ezintasunaren ehuneko jakin baten arabera arautu beharko litzateke? Galdera asko, eta eztabaida gutxi.

Erlazionatuak

Sexua eta laguntza

Ataria 2018 urt 26 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!