Venta de Baños eta komunak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Azaldegi 2015ko aza. 10a, 11:26

Pasa den asteburuan Venta de Baños herrian jokatu dugu, Palentzian. Ez dut nik ezer herriaren izenaren kontra, baina kontatzera noan honek herriaren negozioari kalte egingo diolakoan nago.

Partida hasteko 40 bat minutu falta zirela, aldageletarantz bidean gindoazen gure taldeko kapitaina komuneko sabaitik oso gertu, antsietate aurpegia zuela eta mugimendu traketsak burutuaz ikusi genuenean. Komunetik ezin atera geratu omen zen ate madarikatu baten erruz, eta bertatik ihes egin nahian zebilen. Komunetik atera ezinda, non eta Venta de Bañosen. Kar kar kar.

Partidari dagokionez, talde serioa zirudien aurkarienak. Partida hasteko ordubete falta zela beroketa lanak egiten, punta puntako materiala jokalarien eskura, prestatzaile ugari taldearentzat lanean, etab. Jokalariek ere planta oneko gizasemeak ziruditen, altuak, indartsuak eta azkarrak. Lehen bi laurdenetan, erasoko lanean fin aritu ginen bi taldeak eta nahiko paretsu amaitu zen lehen zatia. Hirugarren laurdenean ordea markagailuan alde egitea lortu genuen eta beraiek partida amaitzeko 4 minutu faltan berdinketa lortu bazuten ere, odola hotz mantenduta, garaipena Tolosara. Ttak.

Etxera itzuli aurretik, 15 ogitarteko 45 euro kobratu zizkiguten tabernan. Izugarrizko luxua! Autobusean denok lo, kapitaina izan ezik, traumatizatuta zen oraindik komuneko trantzea zela eta.

Hurrengo bat arte lagunak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!