GERTUTIK

Osasuna ezin zatika ulertu

Erabiltzailearen aurpegia Iratxe Zabala

Historian, zientziak eta espezialitateek aurrera egin ahala, gure gorputza gero eta zati txikiagotan banatzen joan gara. Espezialista bakoitza bere arloan espezializatu da. Horrek onura ugari ekarri ditu zientziaren ikuspegitik, baina, ondorioz, askotan ahaztu egiten zaigu aurrean gizaki oso bat dugula. Horren ordez, garuna, bihotza, digestio-aparatua, ugaltze-aparatua… ikusten ditugu.

Jada ez diogu aurrean dugun pertsonari osotasunean begiratzen. Askotan, ez dugu esaten duena ere entzuten. Pisu handiagoa ematen diogu proba objektiboetan ikus daitekeenari, eta, horietan ezer esanguratsurik agertzen ez bada, pertsona ondo dagoela ondorioztatzen dugu. Horrela amaitzen da ondoezaren jatorria bilatzeko prozesua.

Gure gorputza osotasun baten parte dela ahaztu zaigu: dena dago lotuta, eta sistema batek besteetan eragiten du.

«Dena dago lotuta, eta sistema batek besteetan eragiten du»

Kontzeptuak bereiztea gustuko ez dudan arren, ulermena errazteko, osasun mentala eta osasun fisikoa aipatzen jarraituko dut.

Konturatu zara urduri zaudenean edo beldurra sentitzen duzunean bihotzean, azalean edo digestio-sisteman ere nabaritzen duzula? Eta minaren ondorioz eguneroko bizitza aldatzen zaizunean edo zure osasuna arriskuan dagoela sentitzen duzunean, emozionalki ere ez zarela berdin sentitzen?

Hau guztia ikuspegi oso azalekoa da. Izan ere, ebidentzia zientifiko ugari dago emozioek gure hormonen jardueran duten eraginari buruz. Hormona horiek, aldi berean, gorputz osoan eragiten dute.

Adibidez, jaten dugunak, gure inguruan gertatzen denak, estres-egoerek, jarduera-mailak eta lan-baldintzek eragin zuzena dute gure osasun fisikoan eta psikologikoan. Era berean, gure osasun mentalaren eta fisikoaren egoerak eragina du egoera horiei aurre egiteko moduan.

Horregatik, zaila da belauneko min batek guregan eragin psikologikorik ez izatea. Era berean, zaila da beldur batek gure gorputzean inolako eraginik ez izatea.

Osasuna osotasunean dago. Zaindu osotasunean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!