GERTUTIK

Gure haurren osasun mentalaren egoera okerrera doa

Erabiltzailearen aurpegia Iratxe Zabala

Azken egunetan, hainbat informazio iturritatik haurren osasun mentalaren inguruko datu esanguratsuak jaso ditut. Psikologo eta guraso naizen aldetik, kezka berezia sortzen didan gaia da.

Nik nahiago izaten dut diagnostikoari dagokion hitza alde batera utzi eta emozio edo sintomei buruz hitz egin. Diagnostikoari dagokion hitza, eta egiteko baldintzak, urteetan zehar aldatzen doaz; emozioak eta sintomak, aldiz, mantendu egiten dira.

Zer esan nahi du zehazki honek?

Depresioaren kasuan, tristuratik haratago doa honen esanahia. Gertaera sortzailearekiko neurriz kanpoko erantzunak ematen dira, haserre moduan, eta hau sarritan gertatzen da; gainera, denboraren zati handi batean egonezina edo haserrea nagusitzen dira, eta ez da epe motzean bakarrik gertatzen.

Honek loan, motibazioan, arretan, autoestimuan, apetituan eta beste hainbat arlotan izan ditzake eraginak. Sintomatologia ezberdina da adin bakoitzean eta, azkenik, nahiz eta datu honek beldurra sortu, suizidioarekin lotura zuzena du.

Antsietatea, aldiz, modu ezberdin batean bizitzen da. Gehiegizko beldurra izango litzateke ezaugarri nagusia, eta etorkizuneko egoera bati lotuta egoten da. Tentsio muskularra, urduritasuna, gehiegizko kezka, jarrera zuhurrak edo saihestekoak, neke erraza, arreta arazoak, egonezina eta loaren alterazioak dira ohikoenak. Fisikoki, berriz, buruko eta sabeleko mina, goragalea edo oka saioak, besteak beste.

Batzuetan, saiheste jokabideak erabiltzen dira antsietatea murrizteko. Beldur huts batetik harago doala jakiteko, beharrezkoa da eragilea eta intentsitatea adinaren garapenarekin bat datozen ala ez aztertzea, baita denboran zenbat luzatzen den ere.

«Sarritan, umeek arazorik ez dutela eta pozik bizi direla pentsatzen dugu; baina badira kontrako kasuak ere»

Sarritan, umeek arazorik ez dutela eta pozik bizi direla pentsatzen dugu; baina badira kontrako kasuak ere. Beraien beldur eta kezkak izaten dituzte, batzuetan errealak eta beste batzuetan imajinazioak sortutakoak. Askotan ez dute ulertzen zer gertatzen zaien, ezin izaten dute adierazi eta ezta egoera kudeatu ere; gaitasun horiek geroago garatzen dira.

Egoera hau ez da batere erraza, ez umearentzat eta ezta ingurukoentzat ere. Eskolan ondorioak izan ohi ditu, bai errendimenduan eta baita harremanak sortzeko eta mantentzeko garaian ere. Frustrazioari aurre egiteko baliabideak urriak izaten dira batzuetan, eta ohikoa da jarduera ezberdinez gozatzeko gaitasuna murriztua izatea.

Familiek ere asko sufritzen dute. Askotan, jokabidea kontrolaezina egiten zaie, eta ez ulertzeak edo lagundu ezin izatearen sentipenak frustrazio handia sortzen du.

Diagnostikoa jaso ondoren, ondorengo galdera egin ohi da sarritan: «Zergatik?».

Ez da erraza galdera horri erantzun zuzen eta oso bat ematea, hainbat faktorek baitute eragina: ingurumeneko faktoreek, pertsonalek, psikologikoek eta biologikoek. Beraz, depresioa eta antsietatea faktore ezberdinen arteko elkarreraginaren ondorio dira.

Inguruko faktoreen artean familia eta erabiltzen den heziketa estiloa daude, garrantzitsuenetakoak izanik. Ondoren datoz eskola eta harreman motak. Honekin batera, pertsona bakoitzaren jokabideak eta pentsamoldeak ere badaude, testuinguruaren arabera ikasiak; baita norberaren eta ingurukoen osasun mentala eta faktore biologikoak ere, herentziaren pisua dutenak barne.

Azalpen honen helburua ez da, inondik inora ere, diagnostiko ez-profesional bat sustatzea. Horretarako jakintza eta irizpide asko bete behar dira, pertsonalizazioa kontuan izateaz gain. Gutxienez sei urteko prestakuntza behar da profesional gisa horretarako gaituta egoteko.

Hala ere, behar-beharrezkoa da oinarrizko jakintza edo psikohezkuntza bat izatea. Ohikoa baita hitz hauek hizkuntza ez-profesionalean entzutea, benetako esanahia eta ondorioak ezagutu gabe.

Gertakari hauek testuinguruari so egiteko beharra dagoela erakusten dute; zerbaitek aldaketa bat behar duela ikusi eta onartu behar dugu.

Ez dut topikoetan erori nahi, ezta «lasai hartu» esatera mugatu ere. Ikuspuntua ez da errudun baten bila ibiltzea edo geure burua zigortzea, baizik eta zer hobetu daitekeen eta nola egin ikastea.

Gorputzak zerbait aldatu behar dela sentitzen duenean, mezuak bidaltzen dizkigu. Sarritan, ordea, gertatzen dena ulertzen saiatu beharrean, estaltzen saiatzen gara; eta modu horretan, egoera berriz agertzen da.

Entzun zure gorputza. Laster arte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!