Harmailetatik: Gure esku dago

Erabiltzailearen aurpegia Izaskun Apezetxea 2014ko azaroaren 12a

Gure esku dago herri mugimendua larunbatez Groseko hondartzan bildu zen Kataluniako herriari atxikimendua azalduz. WhatsApp-aren bitartez argazkia jaso nuen tolosar den lagun baten eskutik. Argazkia ederra eta baikorra. Horrelaxe joan nintzen larunbatean Usabalgo kiroldegira, partida polita eta borrokatua izango zelakoan. Gonzik horrela esan baitzuen «ahal zela».

TAKEk beroketak egiten zituen bitartean, hor ikusi nuen Alain, TAKEko bigarren entrenatzailea, gure mutilak animatu nahian txaloka eta elkarri bostekoa emanez. Imajina, Groseko hondartzarena bezain atsegina. Partidak tentsio puntua izan zuen berrogei minutuetan zehar, markagailuan ezin baikenuen aldea nabarmen handitu. Aurreko astean Santurtzikoek hirukoak «como churros» baina larunbatean Goar izan zen jaun eta jabe.

Nire etxean saskibaloiaz gutxien dakiena neu izango naiz, baina iruditzen zait defentsan hobeto ibiltzen garela zonan baino. Aurkaria ekipo noblea eta garbia iruditu zitzaidan, gurearen antzera. Epaileak ondo eta zaleak ehunka. Hiru segundo falta zirela Azaldegik azken saskiratzea lortu zuen. HIRUKOA!!! Bejondeizuela!!! Partida honen garaipena Iñaki, Cristina, Leire, Miren… Amondatarrei eskaintzen diegu. Larunbatean Burgosera, 1, 2, 3 TAKE!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!