Iritziak arrapalan

Erabiltzailearen aurpegia Izaro Zubiria Ibarguren 2021ko api. 17a, 07:58

Oraingoan artikulua idazteko epeak hutsean harrapatu nau. Ordenagailu aurrean ipini eta… Gaia; zer idatzi, zeri buruz idatzi, zuei zer kontatu. Burura ideia arrapala nahasia:

Agian futbola? Apirilaren 3an izandako finala, zazpi egunez 24 orduz komunikabideak bete zituena, gure bizitza arautuari irtenbidea emango zion gertakaria zirudiena. Erdizka ikusi nuen eta aitortzen dut ia ez nuela hautematen baloiak hartu behar zuen norabidea, horregatik, eta zaleenganako errespetuagatik, ez dut azalduko futbolarekiko dudan iritzia. Berdin, ni futbolarekin bezain galduta daudelako goikoak, argi daukat Koronabirusari buruz ere ez dudala idatziko.

Feminismoa? Ezta ere, feminismoa oso gai konplexua da niretzat, horren konplexua bilakatu da, dagoeneko ez dudala ulertzen aldarrikapen batean edo borroka batean datzan, eta noren aurkako borroka. Maila orokorrean, emakume feminista eta ahaldundua sentitzen naiz, baina aldi berean oso lotua, gizartearen presiopean, eta askotan, galdu dugun gure amonen sutondoa desiratzen duena.

Legeei buruz? Aurrekoan lege berrien bila ibili nintzen, baina azkenekoz onartu den Errege Dekretua, zeinak lehen mailako elikagaien ekoizpena arautzen duen, ez da desiratzeko modukoa. Araudi honek esne gordinaren arriskua, Koronabirusaren pareko jartzen du; kontsumitzailearen osasuna bermatze aldera, legeak analisi kopuru handia egitea eta esnearen biziraupena hiru egunetara murriztea exijitzen die ekoizleei. Betiko moduan, baserritar txikiek ezin dituzte aldaketa horiek jasan, beraz, ADIO BERTAKO ESNE GORDINARI! Gogo faltagatik ez da, baina horretan ere ez naiz murgilduko, betiko leloan idazten dudala entzun beharko dut eta. Arrazoi beragatik ez dut iritzirik emango, ekologikoaren izenean sortzen ari diren, eta sortuko diren agroindustrien eta marken inguruan; giza neurrikoak ez diren ustialekuak, milaka kilometroetatik ekarritako lehengaiekin ekoiztuak, animalien ongizatea neurri batzuetara soilik mugatzen dutenak… Horra hor ekologikoa eta agroekologikoaren aldea.

Gaurkoan, nekeagatik edo desberdin egiteagatik, ezeri protagonismoa eman gabe, ezer ez idatzita edo dena, hor uzten dizuet, bizia bera bezala, nire buruko iritzi arrapala

Milaka gai daude egunerokotasunean ezbaian jartzen direnak, milaka gai inkoherentzian erortzera eramaten gaituztenak, ehunka norberak dituen printzipioak eta ehunka hauei heltzeko zailtasunak, eta handia, batzuetan, aldarrikapenerako sentitzen den nekea. Gaurkoan, nekeagatik edo desberdin egiteagatik, ezeri protagonismoa eman gabe, ezer ez idatzita edo dena, hor uzten dizuet, bizia bera bezala, nire buruko iritzi arrapala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!