Lege berrien bila

Erabiltzailearen aurpegia Izaro Zubiria Ibarguren 2021ko ots. 13a, 09:00

Bi mila eta hogeita bateko urtarrilaren 21ean, Frantziako parlamentuak lege baten bitartez landa eremuko ondare sentsorialtzat aitortu ditu, besteak beste, oilarren kantua eta ganadu mindaren usaina. 

Lege hau azken hamar urteetan Frantziako landa turismoak landa gunearenak diren berezko soinu eta usain deserosoen gainean eginiko milaka kexa eta salketen ondorioa da. Osasun krisia dela eta gainera, landarako joera areagotu dela ikusita, landa eremua babestea lehenetsi dute frantziarrek.

Gurean horrelako babes legal utopiko baten faltan, landa eremuetako eragile, biztanle eta baserritarrak ari dira simaurraren usaina deuseztatu edo apalduko duten produktu garestiak erabiltzen, sare sozialen bitartez elurte egunetan beraien lurren gaineko errespetua erregutzen, abereentzako zintzarriak soinu deserosorik sortzen ez duen GPS teknologiaz ordezkatzen, animalien eta ekologiaren aldeko militantzia beganoa desmitifikatzen eta hausnarkariei egozten zaien klima aldaketaren ardura zientifikoki deuseztatzen.

Alabaina, gaurkoan ez naiz kritikaren jokoan sartuko, osasun krisian egotzi diguten ardurari ez diot nik beste bat gehituko. Hausnarketa askoren ostean iritsi naiz ondorioztatzera eskolan irakasten ez digutena ezjakintasun bilakatzen dela, eta ezjakintasuna, kasu honetan bezala, zilegitasun. Lotsak irentsiko banau ere, jaiotzez gazteluarra baina izatez guraso kaletarren umea, publikoki aitortu behar dut iraganean ni neu izan nintzela arlo honetan ezjakintasunaren biktima eta kexatu izan den horietakoa.

Frantziako parlamentuak lege baten bitartez landa eremuko ondare sentsorialtzat aitortu ditu, besteak beste, oilarraren kantua eta ganadu mindaren usaina

Horregatik, arazoa gai batzuekiko ezjakintasunean aurkitzen dela uste dut eta ez norbanakoaren axolagabekerian. Izan ere, eskolan ez digute erakutsi belardiak paisaia hutsa baina gehiago direla, eta izaki bizidunak bezala ulertu eta zaindu behar ditugula. Belardiek gutxieneko zaintza exijitzen dute garbi eta txukun mantentzeko, exijentzia maila hori areagotzen da ekoizpen baliabide bilakatzen direnean. Belardiek belarra ekoiztu ahal izateko lurrak elikagaiak behar ditu, historikoki eta naturalki, usain desatsegina duten abereen hondakinak hain zuzen. Lurra elikatu ezean kalitatezko belar gutxi jasotzen da, ondorioz, baserritarrek kanpo elikagaiak erosi behar dituzte, haragi zein esnearen ekoizpen kostua bikoiztuz eta horrenbeste maite ditugun zero kilometro produktuak utopia bilakatuz. Argumentu sinplista hauek agian lagunduko digute usain berezi horren aitortza ulertzen eta baserri-inguruez merezitako errespetuz gozatzen.

Baina ezin ukatu dena ez dela ideala, ekoizpen sistema intentsibo eta jasangaitzetan natura beraren mugak gainditu eta hainbat arazo sortu dira. Hala ere, bestelako ekoizpen sistemei esker, hori ez da argumentu nahikoa landa guneari bere izaera lapurtu eta aldatzeko, modernismo beganoak esnearen eta haragiaren berezko izaera eta aitortza lapurtzeko edota hidroponian ekoiztutako produktuak lurrean sorturiko elikagaien aitortza izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!