Tomatearen ekoizpena inkongruentzien aroan

Erabiltzailearen aurpegia Izaro Zubiria Ibarguren 2020ko uzt. 10a, 19:00

Baratzean jarduten dugunok, ofizioz zein afizioz, ezagutzen dugu tomateak ekoiztearen konplexutasuna; eta aurtengo urtea, bereziki, zaila izaten ari da. Giroan dagoen hezetasun maila altuak eta berotasun faltak landare hau erasotzen duten onddoak –herdoila bezala ezaguna– erakarri dituzte gure baratzeetara. Herdoilari aurre egiteko neurrietako bat landarea negutegi edo estalpe batez babestea da; baina, badirudi, aurtengoan, hori ere ez dela nahikoa. Neronek, tomate ale bat jasotzeko ilusioz, Jakoba Errekondok proposaturiko erremedio natural guztiak ondo irakurri eta probatu ditut dagoeneko: propolia, jogurta, osin purina, bordeles salda… Eta azkenean, esperientziadunen zalantzazko begiradari arrazoi emanez, aurrekoan bezainbeste landare berri erosi eta landatu behar izan ditut. Nire lasaitasunerako, itxura denez, ez naiz bakarra; izan ere, biltegietan inoiz baina tomate-landare gehiago saltzen ari omen dira.

Baina herdoila ez da tomateak duen arrisku bakarra. Aurtengo udan, Almeriako enpresa batek, Arabako Espejo herrian, tomateak ekoizteko sei hektareako, hau da, zazpi bat futbol-zelai adinako makro-negutegi bat eraikiko du. Ekoiztutako tomateak bertakoa den supermerkatu-kooperatiba batean salduko dira, eta soberakinak Frantziara bideratu. Negutegi hauetan ordea, tomatea ez da lurrean ekoiztuko, sistema hidroponikoan baizik; lurrik gabe eta, negutegi barruko giroa kontrolatzeko, puntako teknologia erabiliz. Ekoizpen sistema hau, tomatea urte guztian eta modu ekonomikoan ekoiztu ahal izateko garatu da.

Tomate merkeez gain, makro-negutegi honek 40-60 lanpostu sortuko dituela diote, landa eremuko herriei mesede eginez. Alabaina, ez dute zehazten zein motako lanpostuak izango diren; izan ere, COVID-19ak agerian utzi du nekazaritzan aritzen diren tenporeroen edo sasoikako langileen muturreko prekarietate egoera; pandemia dela eta, zenbait lekutan gune berriak sortu dituzte kutsatzen diren langileak isolatu ahal izateko, hauek etxerik gabe edo pisu txikietan pilatuta bizi direnez, gainerakoan ezingo luketelako derrigorrezko isolamendua burutu, baina hori kasu onenetan bakarrik.

Tamalez, ezin dugu inkongruentziez jositako politika guztiz aldatu, baina, norberak erabaki ahal du poltsikoan duen zentimo bakoitza non ipini

Naturaren eta giza eskubideen mugak zeharkatzen dituen horrelako ekoizpen sistema bati esker, beraz, lasai egoteko moduan gara. Bide batez, baratzean aritzen garenok tuntunarena egiteari uzteko momentuan, denbora gutxi barru, lanpostu gehiago eta nahi adina tomate izango baitugu eskura, bertakoa –Km 0– eta merkea gainera. 

Bizi dugun garai hauetan, kongruentziarik gabeko erabakiak onartzera ohitu bagaituzte ere, garbi dago egungo testuinguruan, non Europako batzordeak itun berdea aurkeztu duen eta agroekologiaren garrantzia eta beharra kontsumitzaile zein erakunde publiko eta pribatuen ahoan dagoen, horrelako proiektu batek ez duela lekurik. Tamalez, ezin dugu inkongruentziez jositako politika guztiz aldatu, baina, norberak erabaki ahal du poltsikoan duen zentimo bakoitza non ipini. Bide horretan lortu da baserritarren azoken aldeko garaipena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!