Koronabirusa

Traktoreak kaleetan eta txaloak balkoietan

Erabiltzailearen aurpegia Izaro Zubiria Ibarguren 2020ko mar. 28a, 05:58

Seguru nago zuetako gutxik jakingo duzuela zer esan nahi duten NPB hizkiek, edo PAC gaztelaniaz. Harritzekoa bada ere, guztiei eragiten diguten hizkiak dira, baina gutxi batzuk soilik ezagutzen ditugu, eta gutxi batzuk soilik jakingo dugu konfinamendu bezperatan, lurralde askotan traktoreek kaleak hartu zituztela, NPBaren diru laguntzen murrizketa eta sektoreak bizi duen krisia dela eta.

NPBa, Nekazaritza Politika Bateratua da. Europako politika honen bitartez, lehen sektoreko aktibitatea finantzatzen da, nekazari zein abeltzainen lanari balio erantsi bat ematen dio; izan ere lan horri esker biztanleria guztia onuradun garelako; landa eremuko garbitzaile, kulturaren gordeleku eta lehen mailako elikagaien ekoizle direlako, besteak beste. Beste modu batean, eta denok ulertzeko, NPB diru laguntzek, guk elikagaiengatik ordaintzen ez duguna finantzatzen dute, horrela baserritarrak merkatuan jasotzen ez duen errentagarritasuna izan eta aktibitatearekin jarraitu ahal izateko.

Osasun langileen lana asko aitortzen ari garen une honetan, sentitzen dut, beste sektoreetako langileak ahazten ari garela, tartean lehen sektorekoak. Denok dakigu baserritarrek, momentu puntualetan ez ezik, urteko 365 egunetan egiten dutela lan, ordutegi, asteburu eta lan hitzarmenik gabe, erabiltzen dituzten lanabesekin arriskuak hartzen dituzte, baldintza meteorologikoen menpe daude, eta pandemia eta mugen itxiera honetan, birus edo birusik gabe, bizitzeko behar ditugun elikagaiak ekoizten dituzte. Baserritarrek, ordea, ez dute soldata egonkorrik eta ez dituzte ordu estrak kobratzen, azken finean, ez dute beren lana konpentsatuko duen soldatarik jasotzen. 

Gaur egungo mundu globalizatu, industrial eta kontsumistaren erorkerarekin, ezinbestekoa da bertako ekoizpena indartzea eta bermatzea, ezinbestekoa da baserritar eta denda txikiak indartzea eta ezinbestekoa da landa herriak bizirik mantentzea, faktore hauek baitira, hurrengoan ere, salbu egoten lagunduko digutenak birusen etorreren zein mugen itxieren aurrean.

Oraingoan maskarak, arnasgailuak eta oheak falta dira ospitaleetan, eta hurrengoan baserritarrak eta elikagaiak ere faltako dira. Beraz, osasun publikoaren aldeko borroka denona den moduan, baserritar eta nekazarien duintasunarena ere denona da, eta horregatik, gaurkoan, ospetsu egin diren txalo zaparrada herrikoi bat eskatu nahiko nuke lehen sektoreko langileen alde gure babesa eta eskerrak emateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!