Aitortzaren aldarrikapen xumea

Erabiltzailearen aurpegia Izaro Zubiria Ibarguren 2019ko aza. 16a, 05:59

Lehendabiziko esperientziaren ostean, azaroan, iritsi zait bigarren artikulua idazteko unea. Aukeratutako gaia lantzeko, liburu bat eskuratu nuen astebukaeran irakurtzeko asmoz.

Nahiz eta, azkenean, inprobisazioak mezua beste era batera jorratzera eraman nauen, heldu zen horrenbeste esperotako osteguna, Santu Guztien bezpera eta liburuari heltzeko unea: eguerdiko hiruretan lanetik atera, etxera iritsi, jateko zerbait prestatu, gaueko herri-afarirako bokatak prestatu, sukaldea garbitu, eta infusio bat eskuan, eta haurrak inguruan, aukeratutako liburua irakurtzeari ekin nion. Ordubete eskaseko tartean nire bikotekidea etxera heldu zen, eta, segituan, harridura tonuaz, zer gertatzen zen galdetu zuen. Nik burua liburutik altxa eta han ikusi nituen; logelako ohea hankaz gora, eta egongelako lurrean edateko jogurt ekologikoarekin eginiko artelana. Nire bikotekidearen begiradak dena adierazi zidan, eta nik nire amatasuna zalantzan jartzen duen hausnarketari ekin nion. Orduan sentitu nuen asteko esfortzu eta neke guztiak ez zutela ezertarako balio izan, eta errudun sentitu nintzen nire gozamena lehenetsi nuelako beharraren aurretik, eta ez nuelako bete, historikoki, emakumeoi egotzi zaigun papera.

Larunbatean, idazteari ekin diodanean, ostegunean bizitakoak burura ekarri dit emakume baserritarren egoera: baserrian emakumearen papera ezinbestekoa izan da. Historiak emakumea sutondoaren ondoan irudikatu badu ere, ez da izan suaren zaintzaile hutsa: baserriko baratzeaz arduratu da, ukuiluan aritu da, haurren eta nagusien zainketan, sukaldean eta merkaturatze lanetan, hau da, denaz arduratu da. Aldiz, sekula ez du jaso bere lanak merezitako aitortza. Duela gutxi arte, ustialekuen titulartasuna gizonezkoen esku zegoen: gizonezkoak Gizarte Segurantzako orrietan baserritar moduan ageri ziren; emakumezkoak, ordea, lanik gabeak. Harrigarria, egunero ezin iritsi eta hala ere nahikoa ez!

Baina ez da baserri giroan soilik izan emakumeen lanaren gutxiespena, gizakiaren historia bera gizonezkoen ikuspegitik idatzia dago, eta ikuspegi aldaketa hau aldarrikatu dute AMA-ALU-LUR antzezlanean. Bertan, haitzulo batzuetako aluen iruditik hasi eta filosofiaraino salto egiten dute, historian zehar aluen garrantzia agerian jarriz.

Idazteko lanetan ari naizela, mugikorreko tonuak abisua pasa dit, WhatsAppeko mezu bat, herriko udalak sorturiko taldean: «Gaur arratsaldean herriko pilotari gazteak finalaurrekoa jokatzen du Labrit pilotalekuan». Pozez irakurri dut albistea, baina, aldi berean, konturatu naiz historia errepikatzen ari dela; gaur egun ere gizonezkoen merituak dira notizi (inongo meriturik kendu gabe horrelako lorpen esanguratsuari).

Lehenago aipatu dudan antzezlanean herriko emakume bat da protagonistetako bat. Antzezlana benetako artea da, eta horregatik jaso du 2019ko Donostiako Poltsiko Antzerki saria. Antzezlanak, saria ez ezik, beste artista batzuen arreta ere bereganatu du: besteak beste, oso ezaguna den emakume bertsolari batena. Tolosako emanaldian, ikusle egon zen eta ateratzean, lagunartean ikusitakoaren inguruko iritzia ematen sumatu nuen. Nik, nire belarrietako antenak luzatu nituen, esklusiboki, bere hausnarketaren berri izateko, tamalez, ez nuen gehiegi entzuterik izan; baina bai hitz nagusiak: «OSO ONA!». Antzezlan hau, ordea, ez da herritarrak egin duen lan bakarra, harrigarria da emakume honek, sudur gorri batekin egiten dituen sorkuntzak, nahiz eta, bestelako kasuetan ez bezala, bere lan eta sariengatik ez den aipamen berezirik egin oraindik.

Nire aldetik, historia errepikatu ez dadin, gaurkoan emakume hauen lana goraipatu eta zoriondu nahi dut, eta beste lorpen batzuen pareko jartzearen aldarrikapena egin, gainera, emakumeek eginiko lanaz disfrutatzen jarraitzeko, garaian garaiko kutixi batzuez gozatzera noa: Tolosako babarrunak. Beraz, emakume baserritar hauei ere eskerrik asko eta zorionak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!