[AULKITIK] Goiko postuetan jarraitzen dugu

Erabiltzailearen aurpegia Izarne Sarasola 2017ko irailaren 28a

Nire lehen urtea Euskal Ligan, baita aurtengo lehen partida ere Gipuzkoatik kanpo. Barakaldora egin genuen salto, autobusa martxan jarriz. Nabaria zen taldeko giro ona, gure motibazioa ezinbestekoa zen, musika jarri, dantzan hasi eta hantxe abiatu ginen Pauldarrak taldeari egurra ematera. Lehenengo postuetan jarraitzeko hiru puntuen bila.

Iritsi bezain laster ohartu ginen partida zaila izango zela, baina kantak dion bezala «zaila bada ez da ezinezkoa» esaldiarekin hasi genuen beroketa. Beroketak egiten hasterako berotu ginen, 28-30 gradu markatzen baitzituen termometroak.

Partida hasi eta berehala ohartu ginen ez geundela batere eroso zelai barruan, jolasteko aukera gutxi zegoen, zelaia oso txikia zen. Lehen zatian baloi jabetza beraiena izan arren 0-1ekoarekin aurreratzea lortu genuen.

Bigarren zatian aldiz hobeto moldatu ginen, nahiz eta beraiek ere aukera batzuk izan. Baina partidari amaiera emateko, gure jokoa erakutsiz bigarren gola egitea lortu genuen.

Partida gogorra eta parekatua izan arren hiru puntuak etxera ekartzea lortu genuen eta goiko postuetan mantentzea. Bueltan autobusera igotzerako, denok batera ogitarteko batez tripa bete eta indarrak hartu genituen. Gure poza eta ilusioak, nekeari aurre hartu eta musika eta kantuez gozatuz heldu ginen Tolosara.

Aste berri hau ilusioz hasi dugu, gogor entrenatu eta hurrengo hiru puntuen bila goaz, aurkaria Añorga, partida, larunbatean 16:30ean Berazubin. Zatoz ikustera!

Aupa Tolosa Trakatra!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!