Koronabirusa

Parrandak

Erabiltzailearen aurpegia Izarne Olano 2020ko uztailaren 25a

Eta, halako batean, iritsi zaigu uda. Udaberria salto batean pasa eta, Inauterietako mozorroak jasotzetik udako arropak janztera pasa gara. Uda hasi bezalaxe hasi dira gazteak parranda gosez, itxaropentsu, azken hilabeteetan egin ezin ditugunak egiteko asmoz. Badakigu, ordea, uda hau ez dela beti bezalakoa izango. Ez parrandarik, ez urrutiko bidaiarik, ezta terrazan lasai egoterik ere.

Deseskalatzea azkarregi joan da, fase batetik bestera egoera horretara ohitzeko denborarik gabe. Pedagogiarik gabe. Norbanakoaren esku utzi dute ardura eta badirudi ez dugula ikasi, inguruan positiboak agertu behar izan baitute kalean maskara erabat erabiltzen hasteko.

Dena den, sarritan pentsatzen dut gazteen egoera ez dela batere erraza, parrandarako eta udan firin-faran ibiltzeko gogoa ase ezinda baitabiltza. Festaz festa ibiltzeko sasoi betean daude, goizalderainoko parrandak egiteko gogoz. Zein ondo egongo liratekeen gaur bezalako egun batez Villabonako Santioetan, zenbat barre egingo luketen Aste Nagusian, zenbat dantza Leitzako festetan eta zenbat fandango Ibarran...

Ez dakit jabetzen ote diren arduragabekeria horrek ekarri ditzakeen ondorioez, ez baita kasualitatea oraingo agerraldiak gazteen artean gertatzea

Baina, aurten, ezingo dugu horrelakorik egin. Gaztetxoenak, agian, saiatuko dira non edo han gogo hori asetzen, baina ulertu beharko dute aurten ezin dela. Ez dakit jabetzen ote diren arduragabekeria horrek ekarri ditzakeen ondorioez, ez baita kasualitatea oraingo agerraldiak gazteen artean gertatzea. Zintzoa izanda, niri COVID-19a ez den beste arrazoiren batek galaraziko lidake orain parrandaz parranda ibiltzeak, baina, ikasi beharko dute aurten ez dela horrelakorik komeni. Ez dela parrandarako garaia.

Gogoratu daitezela beraien guraso eta aiton-amonekin. Ikastolara edo parkera joaterik ez eta lagunak ikusi gabe egon diren haur guztiekin. Bakardadean heriotzak harrapatu dituztenekin, eta beraien familiekin. Gaixorik egon diren eta daudenekin. Kutsatzeak ekiditeko ixten ari diren tabernekin eta bertako komertzio txikiarekin. Egin dezatela, behintzat, maite dutenengatik. Etorriko dira eta garai hobeak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!