Jarri gara munduari begira eta markatu ditugu mapa batean bisitatzeke ditugun lurraldeak. Lau egun libre ditugun aldiro tour inposibleak egiteko joera harrigarri hori pizten zaigu, askok baitugu oporren beharra eta oporretan urrutira joateko beharra nahasten hasi ginenetik. Autokarabanaren xarma gustuko dugu, baina hegan joateak ere tentatzen gaitu. Maletak hartutakoan maitemintzen gara bidaiatzearekin, bizitzarekin.
Zu, ostera, oporretara etxera etorriko zara. Bartzelonako plaza jendetsuak eta kale bakartiak ezagutu dituzu. Hemengoak ez diren mendi, bide eta zelaiak. Austriako parajeetan herrimina sentitu duzu, belar ederrenetan labainkor. Eta, etxera etorritakoan, esango didazu zeinen ederra den betiko jendea betiko tokian ikustea, kalean ezagunei agur esatea eta lagunak edozein bazterretan topatzea.
Esango didazu toki paregabean bizi garela eta maite duzula hemengo trumoi egunetako euriaren usaina. Gustuko duzula egun eguzkitsuetan azokara jaistea, edo zazpi bideetatik Leaburura joatea. Herria nola aldatu den konturatuko naiz denda eta taberna berriak aipatutakoan. Bizitza nola aldatu zaigun kontatuko diogu elkarri, eta, aldi berean, ikusiko dugu ezer ez dela aldatu.
Segundo bakarrean desagertutako distantziaren inertziaz, elkarrekin egongo gara. Egon, eta ez egin, horixe patua. Izotzetako kafearen klin-klin hotsaz, aspaldiko kontuez hitz egingo dugu; zutaz, nitaz, bikoteez, lanaz, ahizpez; barre egingo dugu, besarkatu, dantzatu… Hori eta gehiago, opor oinetakoak jantzi beharrik izan gabe. Eta zurekin batera ikusiko dut etxean bezain ondo ez gaudela inon.
Hemendik aurrera ere urrutiko paradisuekin ametsetan jarraituko dut, baina, bitartean, zain izango nauzu. Ongi etorri etxera.