Topa

Erabiltzailearen aurpegia Izarne Olano 2018ko abe. 23a, 20:38

Whatsapp audio gutxiago eta kafe-lagun gehiago. Horixe da burura etorri zaion lehenengo gauza amonak hilabete bakoitzeko desio bat eskatzeko esan dionean. Familiartekoak bere etxean bildu dira, urtero legez Gabonetan elkartasun-gupida ekimenak goresteko.

Askotan, tokiz kanpo sentitzen da Urtezahar gauean. Gaua iritsi baino lehen, are. Eguberrietako kantu alaiak hastearekin batera erretzen zaizkio barrenak, eta irribarre faltsu eta poz jario demasak sutzen dute. Baina, batek daki zergatik, tarteka, gorrotagarri zaizkion egun horietan pozoia edabe bihurtu eta magiaren bueltan hasten da dantzan. Kontsumismoaren gaitzak jota dagoela badaki, baina pozik joan da amonarenera, bere tokia ez den hori kontraesanez betetzera.

Afaldu bitartean, zerbaiten esperoan dago: urte berriaren zain, esperantzak eta ilusioak gogoan. «Urtea ondo hasteko, hilabete bakoitzeko desio bana eskatu ezazu», esan dio amonak irribarrez. Hamabi hilabete, hamabi mahats eta hamabi desio. Ez dira gutxi, baina pentsakor jarri da. Fededun izan edo ez, Gabonetako errituari eutsi dio, betiko prozesu zaharkituan arnasberrituta bizirik irauteko.

Lehenengo mahatsa adiskideei: ingurukoei denbora oparitu nahi die, aspaldi egon gabekoari kafe bat eskaini eta urruti dagoenari telefono deia egin. Bigarren mahatsa euskarari. Euskaraldiaren esperientziarekin urte osoan zehar jarraitu nahi du, ohiturak aldatzeko esfortzuak erraietan sartzeraino. Egin dezatela gauza bera ingurukoek ere. Hirugarrena bidaiei: nori ez zaio bidaiatzea gustatzen? Suitzako alpeak edo Filipinetako hondartzak bisitatuko lituzke. Behin amesten hasita, mundu osoa zeharkatu nahi luke.

Laugarrena, osasunari agian. Edota udal gobernu aldaketari. Erretzeari uztea hobe? Soldata igoera, loteria irabaztea… Josten ikastea bestela? Zorionik handiena poz txikiek ematen diete urtean zehar, baina gau horretan desio potoloak besterik ez zaizkio bururatzen. Mundua ere hartuko luke eskuan sartuko balitzaio, eta mahatsak ahoan nola trabatu zaizkio desioak eta helburuak. Badaki zein lukeen desiorik hoberena gau horretarako: Gabon-edabearen mozkorra pasatzea.

Amonari ez duela halakorik egingo esango lioke. Ez dagoela zoriontsu izateko formula magikorik. «Eguna ospatuko bagenu gauero, ez genuke urterik ospatu beharko Urtezaharrero», pentsatu du hamabigarren mahatsa jaten ari zirenean. Baina isilik geratu da eta topa egin dute, urte hobe baten alde.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!