Erabat gaztelaniaz mintza zaigun lagunari edo bizitza osoan euskaraz hitz egin ez digun bizilagunari uste baino esaldi gehiago esaten dizkiogu gaztelaniaz. Hizkuntzari bere grazia atera ordez ere, maiz hizkuntza aldatzea errazagoa egiten zaigu. Aitortu dezagun aurreiritzien erruz lehen hitza ez dugula beti euskaraz egiten. Abiadura gure ama-hizkuntzan esateko gai ez garen honetan, aldamenekoari begira gaude euskararen erabileraren datuen zama besteek dutelakoan.
Orain indartsu eta gogoz goaz Euskaraldiaren zurrunbilora. Gure burua putzura lasai botatzen dugu, igeri badakigulakoan eta ura kontrako eztarritik irensten dugu. Ariketa erraza jarri digutelakoan bi aldiz pentsatu gabe izena eman du ahobizi ugarik, ohartu gabe Euskaraldia ez dela euskararen aldeko aldarri soila. Ariketa soziala izango da, baina norbere zilborrari begira egin beharrekoa.
Kendu diezaiegun zama besteei eta jar gaitezen gure buruari begira, azaroaren 23tik aurrera abagune aparta izango dugu eta horretarako. Euskaraz hitz egiten ez digun horrekin zein jarrera hartzen dugun ikusteko balioko digu eta gure egunerokotasunean egoera berriak sortuko dira. Agian, zorionez, espero ez genituen sorpresak hartuko ditugu. Ariketa egin beharko dugu, esfortzua eskatuko digu eta, zenbait unetan, soinean ipini dugun txapari begiratu eta bi aldiz pentsatu beharko dugu.
Konturatuko gara norekin eta zenbatetan erortzen garen gaztelaniaren atzaparretan, baina ederra izango da zurrunbilotik gu eraberritu bat ateratzea. Bizipen pertsonal ugariren kontzientzia ehunduko du eta gu euskaldun indartsu baten iturburu izan liteke. Egin dezagun bizitza osorako izan behar lukeenaren beroketa. Mereziko du. Ahobizi, irribizi, belarriak eta zentzumenak prest. Badator Euskaraldia.