Gutuna: Akordioak partekatzeko garaia

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Jauregi 2015ko eka. 17a, 10:32

Ibarrako Udala osatu dugu. Orain, lau urteko legegintzaldia daukagu. Uste dut, eta hauteskundeen emaitzei begiratzea besterik ez dago, Ibarraren egunerokotasuna kudeatzeko aro berria irekitzen dela. Denbora berri bat non guztioi exijituko digun proiektuak partekatzea eta akordioetara heltzea.

EH Bilduk lortutako 941 botoek eta sei zinegotziek Mikel Agirrezabalari ematen die gobernu taldea osatzearen ardura. Zorionak. Oraintxe bertatik guztion artean udal hurbilagoa eta gardenagoa eta Ibarra irekiago, anitzago eta garbiago bat lortzeko gure aldeko jarrera adierazi nahi dut. Hau da, EAJ-PNVko hautagaiek agindu genuena eta 882 ibartarrei hauxe zor diogu beraiek gugan jarritako konfiantzari esker bost zinegotziz osaturiko udal talde sendo bat gauzatu ahal izan baitugu.

Egun hauetan udal berriaren funtzionatzeko modua erabakiko da. Frogarik onena izango da hautatuak izan garen ordezkari guztiek benetan eta modu errealean batzorde informatiboetan parte hartzeko aukera izatearen aldeko apustua egiten den. Horretarako aski izango da eta adierazgarria, batzordeak zinegotziek dugun lan orduekin bateragarriak izatea. Ezin dugu alde batera utzi, seguruenik liberatua izango den alkateaz aparte, beste hamar zinegotziok gure eguneroko ohiko lan orduak egin ondoren beteko ditugula aginte karguaren ardurak. Ez da aski batzordeak nortzuk osatuko duten erabakitzea baizik eta osatzen dutenak bileretan parte hartzeko benetako aukera izatea.

Aurrez aurre ardura dosiak eta akordioak lortzeko ahalmena eskatzen dizkigun erronkak ditugu. Ez da igarotako funtzionamendu erak berriro indarrean jartzeko momentua. Ez da plenoak eta batzordeak egun batetik bestera antolatu eta egiteko moduak errepikatzeko garaiak. Ez litzateke ona izango horrela funtzionatzeko tentazioan erortzea. Demokrazia osasuntsu bat izan dezagun ez dago soberan gogoratzea guztiok eta gutako zinegotzi bakoitzak ibartarrak ordezkatzen ditugula.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!