Gamusinoak gara behelaino artean?

Erabiltzailearen aurpegia Itzea Urkizu Arsuaga

Irakasle batek zortzi bat urteko haurrei eskatu die izaki bat asmatzeko eta marrazteko; norberak erabaki dezala izaki horrek beldurra, barregura, goxotasuna edo zer sentiaraziko dien inguruan dituenei. Txerri-hankak, zaldi-isatsa eta txantxangorri baten burua elkartu ditu batek; beste batek txitxarroaren gorputz-isatsari txakur baten lepotik lotu dizkio untxi-belarriak. Asmakuntza ortopedikoaren ondotik, izakitxo horiei izaera bat, egiteko batzuk, istorio bat esleitu beharko dizkiete.

Kriptozoologia deitzen omen zaio existitzen ez diren animaliak aztertzen dituen diziplinari. Behinola Bernard Heuvelmans zoologoak asmatu zuen, folkloreetatik sortutako izakiak ikertzeko. Eta, hara, 600dik gora izaki katalogatu omen zituen: munstroak, itsas-suge izugarriak, elurretako erraldoiak, begi-bakarrak… Gutxi-asko, zortzi bat urteko haurrek klasean sortzen dituzten izakien antzekoak.

Gure burmuinak ezinezkoa baitu hutsetik elementu sentsorial erabat berriak sortzea; lehendik ikusitako inputak konbinatuz asmatzen dugu, memoria eta zentzumenak uztartuz. Aurrez ezagutzen duguna dela, alegia, oraindik ezezagun zaigun hori sortzeko abiapuntua. 

Eta, horrela, zortzi urteko haur horiei konta geniezaieke Zezengorrirekin topo egin genuela lehengoan kanposantuan, edo Uzturrera bidean adarbakarrari erretratu bat egin geniola, belarra jaten zuen bitartean; barneratu dutelako kodea, nahi izanez gero ariketa ortopediko gehiago egiten jarraitzeko, fantaseatzen jarraitzeko, asmatzen jarraitzeko, sortzen jarraitzeko. 

«Baina gehiago idaztea behar genukeela, eta horretarako formula magiko bat eta bakarra dagoela, ebaluazio diagnostiko guztietatik aparte, eta gure hautu pertsonal eta politikoetatik oso gertu: euskaraz irakurtzea»

Lagun batek irailean galdetu zidan ea gaur egun jendeak idazten ote duen euskaraz eta, poteo-abiaduran, di-da, erantzun nion baietz, jendeak idazten duela euskaraz. Baina gehiago idaztea behar genukeela, eta horretarako formula magiko bat eta bakarra dagoela, ebaluazio diagnostiko guztietatik aparte, eta gure hautu pertsonal eta politikoetatik oso gertu: euskaraz irakurtzea. Joseba Sarrionandiak ere esan zigun: «Idazlea zeu zara, irakurtzen duzulako». 

Galdera da nork eta nola asmatuko, pentsatuko, amestuko, idatziko dituen fikzio berriak, fantasia berriak, utopia berriak, distopia berriak, drama berriak, gure hizkuntza katramilatzeko modu berriak, orain zortzi urte dituzten haurretako askok ez badute sekula fikzioarekin, fantasiekin, utopiekin, distopiekin, dramekin, gure hizkuntza katramilatzeko moduekin jolas egin. 

Gamusinoen istorioak kontatu nahi ditugu, baina ez dugu gamusino izan nahi.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!