Talde batean edo bestean baldin bazaude, zeren bietako batean egongo zara, bejondeizula: bizi-bizirik daukazu egoa. Ingurukoen isiltasunari gehiegi erreparatzen ez dion zilborzalea, edo bere pentsamenduei dutena baino pisu eta garrantzi handiagoa aitortzen dien nizalea.
Egoa dut, beraz, banaiz. Egoa gure burdin jantzia baita, gure beldur erraietakoenei erantzuten dien jokamoldea; gure nortasunaren intsumiso posizioa, gu geu garen (edo garela pentsatzen dugun) hori ezbaian jartzen dutenean. Egoak ez du hutsegiterik jasaten; egoa kanpo-estimuluez elikatzen da. Egoarentzat ez da nahikoa daukan horrekin konforme eta ondo sentitzea, eta ingurukoekin alderaketan jarduten da bere burua definitzeko. Egoa sentikorra da, oso, eta biktimizazioa gustatzen zaio, asko.
Ziur aski ez nago inoren egoa eta egoa bere orokortasunean seinalatzeko posiziorik egokienean. Izan ere, ez daukat oso argi aldian behin norbere burutazioak hemen azaltzeari baiezkoa emateak zenbat ote duen egotik, zenbat idazteko zaletasunetik, zenbat euskalgintzaren aldeko pultsiotik.
«[...] Ezin seinalatu gabe utzi Unibertsitatera Sartzeko Probako euskarako azterketan 0 kalifikazioa lortu dutenen protesta kafkianoa. [...] 'Wazemank' izan zitekeen, baina ez da»
Baina, behin nire idazteko zaletasun euskaltzalearen egoa biluzik, ezin seinalatu gabe utzi Unibertsitatera Sartzeko Probako euskarako azterketan 0 kalifikazioa lortu dutenen protesta kafkianoa. Protestagileen ego zauritua, burdin jantzia, defentsa-mekanismo absurdoa. Prentsari egin dizkioten adierazpen ortopedikoak. Hitz bat bestearekin josteko ahalmen hutsala, hutsaren aurrean. Ikaragarria. Isilik geratu zitezkeen, baina zarata atera dute. Wazemank izan zitekeen, baina ez da.